[Librezale] Eztabaidara deia. Parte-hartzea, tresnak, estilo-liburua eta abar

Osoitz E oelkoro a bildua gmail.com
Or, Api 3, 15:03:28, CEST 2015


Kaixo,

Orain gutxi batzar proposamen bat egin zen, agian eztabaidatzeko asko ez
dugulako edo ezerezean geratu zen kontua, saiatuko naiz beraz bazterrak
nahasten eta giroa berotzen aurreko batzarrean muturra azaldu zuen kontu
batekin.

OHARRA: Txapa luzea dator.

Begi onez ikusten ditut Web bidezko elkarlanerako tresnak parte-hartzea
izugarri errazten dutelako. Librezaleko proiektu ofizialetan ohiko
metodoekin egiten da lan, eta ez dut proposatzen osasuntsu dauden
proiektuekin esperimentutan hastea, baina Librezaleko laguntzarako
testuetan ez dira aipatzen Crowdin, Transifex edo Locamotion bera.

Sakelakoa bihurtu da gehiengoaren interfaze nagusia teknologiarekin,
mahaigaineko bertsiorik ez duten aplikazio berri mordoa dago eta gehien
erabilitako proiektu libreek (eta ez hain libreek) itzulpenerako tresna
mota hauek erabiltzen dituzte. Erdizka dauden itzulpen proiektu mordoa
aurkitu daitezke zerbitzari hauetan.

Zenbat asmo on hoztu ote dira 2007ko Software lokalizazioa 0.1 dokumentu
horretan azaldu bezala gettext tresnak, po fitxategiak eta itzulpen
memoriak aurkitu, instalatu eta konfiguratzeko bide horretan? Lanean
hasteko egin behar den guztia izena ematea bada ordea, igande arratsalde
bateko beroaldiari etekinen bat atera askoz errazagoa da, eta agian
itzultzeari gustua hartzea ere.

Elkarlanari mugarik jartzen ez dioten tresnek badute arrisku bat, zailagoa
da itzulpen teknikoan esperientziarik eta proiektuan aurretik hartutako
erabakien berri ez duten asmo oneko itzultzaile hasi berriek
homogeneotasuna eta kalitatea errespetatzea.

Itzulpen erabat zentralizatuetan kalitate kontrola hobea izan daiteke eta
izan ohi da, baina kide berriei sarbidea erraztu ezean arriskua larriagoa
da nire ustez, zama osoa bere gain hartu duen horrek gehiago ezin duenean
proiektu bat umezurtz gera daiteke oinordekorik ez badago.

Elkarlanerako tresnak erabilita kalitatea bermatzeko tresna berrikusketa
da, proiektu indartsu batean arduradunaren edo arduradun taldearen lan
nagusia ez litzateke itzulpena izan behar nire ustez, baizik eta
koordinazioa eta kalitate kontrola. Baina ez dago asmo oneko kide bat
galtzeko modu eraginkorragorik arbitrarioak diren edo arbitrario itxura
duten erabakiak baino.

Horregatik, Librezalek lokalizazio gidarekin eta estilo liburuarekin
egindako lana oso garrantzitsua iruditzen zait, eta badu lokalizazioan
bolondreski dabilen edonorentzat erreferente bihurtzeko gaitasuna, izan ere
askoz beharrezkoagoa da dokumentu sorta hau kontrol malguagoa duten
proiektuetarako, eta paper hori bete ahal izateko dituen gabeziak
identifikatu eta osatzea proposatzen dut.

Hona nire ustez landu daitezken batzuk:

1) Bateratu eta antolatu. Orain bi sarrera daude Librezale.eus menuan
Lan-tresnak eta lokalizazio-gida, nire ustez kontzeptu bereko bi atal dira.
Estilo liburura heltzeko hauetako batetik sartu eta beste klik bat egin
behar da, terminologia atalera heltzeko jarraitu behar den bidea ez zait
argia iruditzen.... Agian hau guztia aurkibide bakar batetik eskuragarri
egon beharko luke.

2) Terminologia atala indartu. Adibide batekin azalduko dut hau. Firefox
37ri buruzko artikulua idaztean enkriptatze aukeratu nuen nik. Euskaltermen
horrela agertzen da eta Firefoxen zuzentzaileak onartzen du, beraz Julenek
zifratze bezala zuzendu zuenean zergatiaren zalantza sortu zitzaidan, eta
aurkitu nuen erantzuna, Euskaltzaindiaren hiztegi batuak zifratze onartzen
du eta ez enkriptatze.

2.1) Irizpideak zehaztu. Agian Terminologia atalean kanpo iturrien artean
lehentasun mailak ezarri beharko lirateke, erabat ados nago
Euskaltzaindiaren hiztegi batua izan behar duela azken hitza duena, baina
nola aukeratu Euskalterm, Morris, Elhuyar eta bestelakoen artean? Zeinek du
lehentasuna proiektu berri batean, ZT hiztegiak, Ubunturen itzulpen
memoriak ala Worpress-enak?

2.2) Aurretik hartutako erabakiak bertan pilatzen joan, zerbait badago,
baina gutxi. Ez dago zertan beste hiztegi bat sortu behar, baina denok izan
ditugu zalantzak inoiz, hainbat aukera zeudelako, hiztegiaren araberako
itzulpen egokia beste kontzeptu baterako erabiltzen zelako proiektuan,
neologismo baten aurrean geundelako... maiz erabaki hauen atzean proiektu
ezberdinetako itzultzaileen arteko eztabaidatxoren bat egon da. Eztabaida
horren ostean emaitza bertan argitaratzea oso lagungarria litzateke,
eztabaidan parte hartu ez duenak ez luke berriro ibilbide osoa egin behar
(hainbat hiztegi begiratu, itzulpen memoriak aztertu...), eta erabakiaren
zergatia uler dezan azalpenen bat edota eztabaidara loturatxo bat ez legoke
soberan. Adibidez: Bai: Zifratze Ez: Enkriptatze Iturria: Hiztegi batua /
Firefox: Lotura, Gnome: Esteka (Firefox: Librezale foroko eztabaida bietara
loturak, Gnome: erabakia hartu zeneko unera lotura).

2.3) Eztabaida indartu. Aurretik hartutako erabakiak berrikusi daitezke,
nola ez, Erabaki batzuk oinarri sendoa izan dezakete (Euskaltzaindiak ala
dio), eta beste batzuk ez horrenbeste (Ez genekien zer erabili eta bozkatu
egin genuen 7-3 izan zen emaitza). Tradizioa ez litzateke irizpide bakarra
izan behar. Inork file itzultzeko fitxategi erabili ordez agiri erabiltzeko
pisuzko arrazoiak baditu hauek mahai gainean jarri ahal izateko gaitasuna
izan beharko luke. Swipe itzultzeko hatza pasatu esan ordez neologismo bat
behar dela uste duenak proposamena egitea izan beharko luke. Librezaleren
hastapenetik eztabaida izan da erabakiak hartzeko tresna.

Azken honen harira galdera bat, ba al dago proiektu ezberdinetako itzulpen
memoriatako estatistikak modu errazean ateratzea? Buruan dudana txosten bat
da non jatorrizkoan agertzen diten hitz guztiak maiztasunez ordenatuta
agertzen diren alde batetik, eta bestetik hitz hori jatorrizkoan duten
esaldien itzulpenetan agertzen diren hitzak maiztasunez ordenatuta. Akatsak
zein irizpide ezberdintasunak identifikatzeko oso baliagarria litzateke,
eta terminologia atala indartzeko lanaren hazia.

3) Ezagutzera eman. Ezer gutxirako balio du hor dagoela ez dakienarentzat.

Bota dut.

Osoitz
-------------- next part --------------
An HTML attachment was scrubbed...
URL: <http://librezale.org/pipermail/librezale/attachments/20150403/6997b58d/attachment.html>


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago