[Librezale] .EUS domeinua: aitzindarien plana

Julen Ruiz Aizpuru julenx a bildua gmail.com
As, Api 29, 13:57:05, CEST 2014


Kaixo!

Eskerrik asko gaia azaleratzeagatik, Mikel. Erantzunak lerro artean doaz.

Mikel Iturbe Urretxa<mikel a bildua hamahiru.org> igorleak hau idatzi zuen
(2014(e)ko apirilak 29 12:57):
>
> Ideia ona izan daiteke Librezalek bertan parte
> hartzea, komunitatean duen erreferentzialtasuna ikusita,
> aitzindarietako bihurtzeko domeinua eskuratzen.

Ideia ondo iruditzen zait baldin eta Librezalek erreferentzialtasun
hori mantentzeko benetako asmorik badu.

Barkatu tokiz kanpoko kontua ekartzen ari banaiz mahai gainera baina
utzi azaltzen:

Guztion denbora mugatua da, musutruk aritzen gara honetan. Ez daukagu
minimo/maximorik ekarpenen mailan, ahal duguna egiten dugu eta ahal
dugunean. Boladaka aritzen gara, azken batean. Beti izen berdinak
irakurtzea ere ez da sorpresa: antzerako proiektu orok sufritzen duen
zerbait da.

Hori guztia kontuan hartuta, pertsonalki azkenaldian izan dudan
sentsazioa da —eta, beharbada, nire inguruko aldaketek bultzatuta ere
bai— Librezale gehiago bihurtu dela sareko "marka" moduko bat, modu
aktiboan elkarlanean kezka eta egitasmo batzuen inguruan lanean
buru-belarri dabilen plaza / lantalde bat baino. Niri markak ez dit
ezer berezia eskaintzen; Librezale izeneko aterpean egin den lan
guztiak eta irakatsi didanak, ordea, bai.

Ez dut ezkorra izan nahi eta are gutxiago inoren dedikazioa gutxietsi
nahi, baina azkenaldiko joerak horrelako zerbait pentsatzera eraman
nau eta ez dut uste kaltegarria denik hausnarketatxoa partekatzea.

Hau esanda, hasierakoa errepikatuko dut: ondo iruditzen zait .EUSaren
kontua eta ilusio berezia ere egiten dit aitzindari izatea alor
honetan, kontu batez ere sinbolikoa izanda ere. Baina ez nuke nahi
.EUSa zama bilakatzea (are gutxiago ekonomikoa), ez bada taldearen
helburu eta lanaren akuilu gisa erabiltzen.

> Baina honek, prezio bat ere badu, eta ez bereziki merkea.
> Norbanakoenzako domeinu berrien prezioa 300 eurotakoa litzateke eta,
> euskararen aldeko entitateena, 500 eurotakoa. Nik egia esan, ez dut
> garbi-garbi kategorizatzen Librezale ez batean ez bestean, baina
> norbanakoetarantz jotzen dut gehiago.

info a bildua domeinuak.eus helbidera idatz daiteke argibide eske. Hey_neken-ek
ere zerbait jakingo du agian.

> Beraz, zer dio herriak? Merezi du librezale.eus bihurtzea aitzindari
> plan honen barruan, nahiz eta agian ahalegin ekonomiko txiki bat
> suposatu dezakeen? Ala, kontrara, merezi du pixka bat itxarotea?
>
> Nik, behin .eus hartzearen erabakia hartuta, plan honetan parte
> hartzearen alde nago.

Ni ere bai, eta ekarpen ekonomikoa egiteko prest nago.


Julen.



Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago