[Librezale] Steam artikulua

Osoitz E oelkoro a bildua gmail.com
Ost, Ira 25, 17:29:56, CEST 2013


Julenek atzo hau bota zuen twitterren:
https://twitter.com/julen/status/382388073243213824


Horrek inspiratuta, artikulu hau idatzi dut, mesedez esan Librezaleren
blogean argitaratzeko modukoa iruditzen zaizuen ala ez:

-----

STEAM PARADOXA

Bere maitemina laster ikustekotan dagoen nerabe baten ezinegonarekin
dabiltza Linux erabiltzaile asko azken boladan, eta Valve da horren
erruduna.

Valve enpresak ordenagailurako jokoen banaketa sistema bat du:
Steam[1]. Linux biltegien antzera dabil baina ordainpeko jokoekin,
Windows ingurunean arrakasta izugarria lortu du eta ez dago Steam
kontu bat ez duen egiazko jokalaririk. Jokoak CD edo DVDan
erostearekiko abantailak baditu, eguneraketak automatikoki jasotzea,
edozein ordenagailutan jokoak erabili ahal izatea, gizarte sare
funtzioak... Bere hastapenetan DRM sistema soil bat zena erakargarria
bihurtzea lortu dute.

Orain urtebete Valveko zuzendari den Gabe Newellek Windows 8 jokoen
industriarentzat katastrofikoa izango zela esan zuen. Gaberen ustetan
PCaren izaera irekiak bihurtu du PCa jokoetarako plataforma
arrakastatsu bat, ez Windows berak, eta hardware itxiago batetara
garamatzan tabletizazio tendentzia orokorra ez du begi onez ikusten.
Askoren harridurarako jokoen etorkizuna Linux plataforman zegoela
iragarri zuen.

Hitz horiek Microsofti presioa egiteko postura hutsa ez ziren froga
argia handik gutxira ikusi genuen, Valvek Steam banaketa sistemaren
bezeroa Linux plataformarako atera zuen Otsailean, bere joko asko
Linuxekin bateragarri bihurtu zituen, eta baita beste ekoizleei
lagundu beraien jokoak Linuxekin bateragarri bihurtzeko. Lehenetsitako
banaketa gisa Ubuntu aukeratu zuten, baina beste banaketetako
garatzaileak azkar jarri ziren Steam bezeroa beraien banaketatan
instalatzeko paketeak sortzen ere.

Deigarria da DRMez babestuta dagoen, jabeduna den eta iturri itxiak
dituen software ekosistema batek hainbesteko interesa piztea Linux
komunitatean, eta espero bezala Richard Stallmanek deitaletxo txiki
hauek gogora ekarri zituen[3], baina deigarria da ere askoz gogorragoa
izan zela Ubunturekin [4] orain ez asko. Agian Ubuntu idealetik
urruntzen ari den bitartean, Valveren pausuek hobekuntzaren bat ekar
dezaketelako? Linux Fundazioak bozgoragailu indartsu bat eskaini zion
Gabe Newelli Iparamerikako Linuxcon konferentzian hitza emanez[5].

Steam programa gisa instalatu ahal izatea lehen urratsa besterik ez
zen izan, aste honen hasieran Valvek SteamOS iragarri du: Linux
oinarria duen jokalarientzat egindako sistema eragilea, eta oraindik
deskargatzerik ez badago ere ikusmin handia sortu du jada. Hurrengo
pausua SteamBox izango dela dirudi, SteamOS erabiliko duen kontsola,
edo hobeto esateko PCa, Valvek plataforma irekia defendatzen duelako,
nork bere neurrira zer nahi aldatu ahal izatea.

Guzti honek Steam erabiltzen ez duten Linux erabiltzalentzat ere
abantailaren bat ekar lezakeela diruri, Nvidiak ez du inoiz oso zintzo
jokatu sofware librearekin, nork ez du gogoratzen Linus Torvalds
Nivida ipurtzulotik hartzera bidaltzen oso modu grafikoan? Hori
aldatzen hasi dela ematen du, eta beraien txartelentzako driver
libreak garatzen dituen Nouveau proiektuaren posta zerrendan laguntza
eskainiz agertu da Nivida aste honetan [5]. Zurrumuruek diote SteamBox
zerikusiren bat izan lezakeela.

Argi dago Linux Valverentzat oso ona dela, kontrako zentzuan erlazio
hau zeinen ona izango den benetan jakiteko oraindik itxaron beharko
dugu. Ez dirudi behintzat jokoak libreki euskaratu ahal izateko aukera
egongo denik.

[1] http://store.steampowered.com/browse/linux/

[2] http://www.forbes.com/sites/erikkain/2012/07/26/windows-8-is-a-catastrophe-according-to-gabe-newell-valve-hedging-with-steam-on-linux/

[3] http://www.gnu.org/philosophy/nonfree-games.html

[4] http://www.fsf.org/blogs/rms/ubuntu-spyware-what-to-do

[5] http://www.zdnet.com/valve-ceo-why-linux-is-the-future-of-gaming-7000020735/

[6] http://lists.freedesktop.org/archives/nouveau/2013-September/014480.html


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago