[Librezale] Firefox OSen inguruan
Julen Ruiz Aizpuru
julenx a bildua gmail.com
Ast, Maiatza 2, 13:47:29, CEST 2013
(Abisua: aspalditik zintzilik neukan mezua da eta luzea da)
Kaixo lagunok,
Askoek jakingo duzuen moduan Mozillako lagunak telefonoetarako sistema
eragile bat prestatzen ari dira eta Firefox OS izen komertziala izango du.
Proiektua bera Boot-2-Gecko (B2G) izenez bataiatu zuten, helburua hori
baita: gailutik (telefonoa, tableta) zuzenean webera abiatzea.
Honetarako telefono-konpainien laguntza ere badute (nagusiki Telefónica)
eta ez bakarrik zabalkunderako, hau da, telefonoak kontsumitzaileen
eskura ipintzeko, garapenerako ere bai.
Baina hau guztia... zergatik?
Mozilla ez da kapritxoz ari.
Inondik inora ez du helburu telefonoen salmentaz bizitzea, Apple etxea
bezala, adibidez. Inondik inora ez du helburu jendeak bere zerbitzuak
erabiliz webguneetako iragarkiak kontsumitzea (halakorik balego!),
Google-ren modura, esate baterako.
Duela gutxi euskaratu dugun Mozilla Manifestua[1] irakurri baduzue, hor
zehaztutako konpromisoak aurrera eramatea eta sustatzea du helburu
Mozillak proiektu gisa. Eta Mozilla Fundazioak hori betearazteko ardura
du. "Irekitasuna, berrikuntza eta aukera-berdintasuna" dira ardatz.
Gailu mugikorren eremuan mundu mailan duopolio bat bizi dugula esan
liteke eta testuinguru horretan webak bizi duen egoera ez da ona.
Osasungarria ere ez dela pentsatzeko arrazoiak badaude:
1. Web bidez kontsultatu ahal izango genukeen edukia aplikazioen atzean
ezkutatzen ari da.
Honek ekosistema jakinetarako menpekotasuna sortzeaz gain, edukia
gailu+sistema konbinazio jakin batzuetarako soilik geratzen da
erabilgarri. Hauek dira "walled garden" modura ezagutzen direnak.
Aplikazio asko daude (asko, ez denak) gailuaren eginbide bereziak
erabiltzera iristen ez direnak (geolokalizazioa, azelerometroa,
kontaktuak, kamera...). Orduan, zergatik garatu erabiltzailearen
ikuspegitik eta ikuspegi teknikotik aparteko ezer gehitzen ez duten
aplikazioak?
Bestalde, merkatuan dauden sistema guztietarako aplikazioak sortzea ez
da eskalagarria garatzaileen ikuspegitik. Sistema berri bakoitzak
lengoaia, tresna, ezagutza eta prozesu desberdinak eskatzen ditu (neurri
batean hau saihesteko badaude PhoneGap-en tankerako aukerak).
Dena den, ohikoa da aplikazio askok eta askok sistema bat edo bi hartzea
kontuan soilik; gainontzekoak, hor konpon. Garatzaileen formazioa eta
lana ordaindu egin behar da, ez da debaldekoa.
Marketin-ikuspegitik agian egokia izan liteke aplikazio bat sortzea
(edozeren gainetik modan egon beharra dago), baina edukia bada
eskaintzen dena, zabalkundea oztopatzea besterik ez da, informaziorako
sarbidea zailtzea.
2. Mugikorretarako erabiltzen diren web nabigatzaileen gehiengoak WebKit
bakarrik hitz egiten du.
Ondorioz, dagoeneko web garatzaile asko hasi dira mugikorretarako webak
WebKit-erako soilik prestatzen. Garatzaileak ez badira estandarretara
atxikitzen, enpresa jakin batzuen eskutan uzten da teknologiak hartuko
duen norabidea. Gogoratu ze ederrak ziren IE6ren garaiak :)
Gainera, bestelako ondorioak ere izan ditzake: zer pasatuko da
WebKit-rako garatu diren webgune horiekin Chrome Blink motorra
erabiltzen hasten denean?
Honek ezin du ona izan pluraltasunerako, aukera-berdintasunerako ez eta
berrikuntza sustatzeko.
Telefono-konpainiek ere badituzte proiektu honetan interesa izateko
arrazoiak, azken urteotan ikusi baitute nola zerbitzuen alorrean ezin
duten lehiatu Android eta iOSen modurako sistemekin.
Ahots- eta datu-tarifen hornitzaile soil izatera pasa dira eta Firefox
OS zerbait ezberdina eskaintzeko aukera modura ikusi dute.
Honetan ez dut sakonduko, konpainien arrazoi komertzialak baitira azken
batean, ez Mozillarenak. Edonola ere puntu honek zalantzarik gabe
lagunduko du Firefox OSen zabalkundean.
Zer egingo du Mozillak hau guztia aldatzeko?
Weba lehen mailako hiritar bihurtu nahi du, plataforma weba bera izan
dadin. Honekin batera, eta webaren izaerarekin bat, ekosistema libre eta
banatua osatuko du.
Baina gaur egun ezagutzen dugun weba ez dago horretarako prestatua.
Horregatik, B2G proiektuaren ezinbesteko zati gisa web teknologiak
hedatzeari ekin diote Mozillan, WebAPIak[2] sortuz aukera berriak
eskaintzeko garatzaileei.
WebAPI hauek definitu eta inplementatzearekin batera, estandarizatzeko
prozesuan ere jarri dituzte, gainontzeko nabigatzaileek ere
inplementatzeko modua izan dezaten (izatez, WebKit-en dagoeneko
inplementatu dira API batzuk).
Arrakastarik izango du?
Mozillak planteatzen duen kontzeptua ez da berria.
Lehenengo iPhonetan ez zegoen SDKrik eta Steve Jobs delako batek
aplikazioak web teknologiekin garatuko zirela esan zuen. 2007a zen
orduan eta webak ez zeukan gaur egun daukan garapenik.
webOS sistema eragileak ere web teknologiak izan ditu ardatz betidanik.
Telefonoaren eginbide aurreratuak erabiltzeko bere SDK erabili behar da
ordea.
Aurrez aipatu bezala telefono-konpainien bultzada garrantzitsua izango
da. Are garrantzitsuagoa izango da garatzaileen lana ordea, hauen esku
baitago teknologiari merezi duen garrantzia ematea.
Baina Mozillaren arrakasta ezin da neurtu merkatu-kuoten testuinguruan.
Arrakasta ez dira zenbakiak. Etorkizunean Firefox OS produktu gisa
desagertuko balitz ere, proposatutako teknologiak beste ekosistemetan
erabilgarri badaude, orduan arrakasta izan du.
Lokalizazioaren inguruan.
Firefox OSen erabiltzaile-interfazea (Gaia) euskaratuta dago
(eranskinetako irudiak froga gisa doaz):
https://hg.mozilla.org/gaia-l10n/eu/
Kate asko Firefoxetik berrerabilita, bi arratsaldeko kontua.
Honek ordea ez du esan nahi merkaturatzen den edozein telefono euskaraz
egongo denik, telefonoan erabilgarri dauden hizkuntzak
telefono-konpainiek edo fabrikatzaileek erabakiko baitute. Horrez gain,
bakoitzak bere pertsonalizazioak gehitzeko aukera izango du.
Hau horrela da muga teknikoak daudelako. Kasurik onenean hizkuntza
guztiak eskaini nahi dira, zerrenda batetik aukera egin eta automatikoki
deskargatzen den hizkuntza-pakete modura, adibidez.
Baina une honetan hori teknikoki posible ez denez, telefono-konpainien
edo fabrikatzaileen esku egongo da aukera.
Gainera, mozilla.dev-l10n posta-zerrendan matraka handia[3] egon da
honen inguruan.
Batzuek telefono-konpainiei erabilpen-datuak eskaintzea proposatu zuten
hizkuntzen aukera egitea errazteko. Noski, gurea bezalako hizkuntzentzat
hori zentzugabekeria hutsa da eta horregatik eta denboran zehar gehitzen
joan diren bestelako arrazoiengatik (Androiderako Firefoxen kasua
tartean da), pertsona dexente gaude haserre.
Ekainetik aurrera, Firefox OS darabilten telefonoak Brasil, Kolonbia,
Venezuela eta Espainian egongo dira erabilgarri lehenik. Honek guri ere
eragiten digu beraz.
Panorama ikusita, katalanen arduradunak eta neuk Teléfonicako
langile/arduradunekin harremanetan jartzea erabaki genuen gauzak nola
zeuden ikusteko. Jasotako erantzunaren arabera:
1. v1.0.1ean (ekaina) ez dira egongo (eu, ca, gl-ri buruz ari naiz,
nagusiki). Dagoeneko kodea eta bestelakoak "itxita" daude.
2. v1.1ean (iraila) egon litezke, baina konplikatua da. Sartu nahi
dituzte baina negozio-erabakien menpe daude.
3. v.next (batek daki noiz) egongo dira. Are gehiago aipatutako muga
teknikoak gainditzen badira.
Edozein modutara, duela gutxi garatzaileentzako telefonoak[4] salgai
jarri dituzte eta lokalizazioa dagoeneko proba daiteke. Beste Android
telefono batzuk ere erabil daitezke horretarako[5].
Geroz eta jende gehiagok erabili, orduan eta emaitza txukunagoa izango
da. Denon laguntza ezinbestekoa da hemen eta interesa, gogoa eta denbora
duenak eskua altxa dezala.
Detaile mordoa aipatu gabe utzi dut eta ziurrenik gauza inportante
gehiago ere bai. Halere espero dut laburpen honek proiektua ezagutzen
eta ulertzen lagundu izana.
Bide batez, auto-bonbo pixka bat: datorren asteazkenean, hilak 8, IEBren
barruan Firefox OSi buruzko sarreratxo bat egitera noa (ez dago detaile
gehiegi azaltzeko denborarik). Interesik baduzue, azaldu!
Azkenik, garapen kontuetan aritzen direnentzat: Bilbon hilaren 17an
Firefox OSen inguruko jardunaldiak antolatu dituzte, batez ere helburu
praktikoarekin.
Izena emateko: http://movilforum.com/jornadaffoxosbilbao/
Eta bueno, nahiko momentuz, ez?
Julen.
[1] https://www.mozilla.org/about/manifesto.eu.html
[2] https://wiki.mozilla.org/WebAPI
[3] http://markmail.org/thread/7knucpphzb36bkce
[4] http://devphone.mozilla.org/
[5]
https://developer.mozilla.org/en-US/docs/Mozilla/Firefox_OS/Firefox_OS_build_prerequisites#Have_a_compatible_device_or_use_an_emulator
-------------- next part --------------
A non-text attachment was scrubbed...
Name: fxos_home.png
Type: image/png
Size: 145215 bytes
Desc: not available
URL: <http://librezale.org/pipermail/librezale/attachments/20130502/871e5f0d/attachment-0002.png>
-------------- next part --------------
A non-text attachment was scrubbed...
Name: fxos_twitter.png
Type: image/png
Size: 49289 bytes
Desc: not available
URL: <http://librezale.org/pipermail/librezale/attachments/20130502/871e5f0d/attachment-0003.png>
Librezale posta zerrendari buruzko
informazio gehiago