[Librezale] Aplikazio baten lokalizazioa
Julen Ruiz Aizpuru
julenx a bildua gmail.com
As, Api 23, 16:48:31, CEST 2013
Kaixo Maddi,
ar., 2013.eko apiren 23a 13:05(e)an, Maddi Agiriano Etxabe(e)k idatzi zuen:
> Kaixo!
>
> Aurreko astean idatzi nizuen lokalizazio bat egin nahi nuela-eta
> galdezka, eta, lehenik eta
> behin, eskerrik asko animoengatik eta laguntzagatik. Pixka bat begira
> aritu naiz Librezaleko webgunean, eta nahiko galduta nabil, ez baitakit
> proiektu bat itzultzea erabakita ere zein pauso jarraitu beharko
> nituzkeen, itzulgaia formatu egokian lortzeko eta abar.
Bai, wikian dauden "fitxak" batez ere azken erabiltzaileei begira daude
eginak, euskarazko bertsioak deskargatzeko modu zuzena eskaintze aldera.
Proiektuen semaforoen goian arduradunaren izena agertzen da eta
posta-zerrenda honetako helbidea ere bai. Software-proiektu bakoitzak
bere berezitasunak dituenez, onena zerrenda honetara arduradunari
galdezka idaztea da, zuk egin duzun moduan.
Bestalde, proiektu bat berria denean[1], oraindik inork landu gabe
dagoenean alegia, norberak bilatu behar ditu proiektuaren berezitasunak,
itzulgaiak, lan egiteko aukerak, lana entregatzeko moduak eta epeak...
Edozein kasutan, zerrenda honetan bagaude honetan arituak eta beti
topatuko duzu laguntza. Esperientzia, ideiak eta iritziak trukatzeko
zerrenda da hau, ez izan idazteko beldurrik beraz.
> Zuen gomendioari jarraituta, ezagutzen ditudan aplikazioen artean
> OmegaT-ren azken bertsioa itzuli gabe dagoela ikusi dut, ez da hala? eta
> mozillaren webguneak ere itzul ditzakeedala ikusi dut. Horiek itzultzea
> gustatuko litzaidake, adibidez, baina nola jakin zer den zehazki itzuli
> dezakeedana? Nola lagun dezaket itzulpen proiektu horietan?
Mozillako webguneei buruzko azalpen gehiago eman ditzaket. Kasu idealean
informazio hau guztia wikian modu txukunean ipini beharko nuke baina
horretarako tartea eta gogoa hartu beharra dauzkat (eta espero dut
norbaitek presioa egitea hori horrela izan dadin).
Azalpen laburra
===============
Mozilla proiektuaren barruan web mota ezberdinak daude. Nagusiki, hiru:
1. Zerbitzu bat eskaintzen duten webgune osoak (gehigarrien gunea,
laguntza-zentroa etab.)
2. In-product orriak (software jakin bati lotuak)
3. Marketin-kanpainen guneak eta hauekin lotutako edukiak
Historikoki lehenengo bietan bakarrik egin izan da lan. Hirugarrenak
okasio oso konkretuetan bakarrik landu dira (Firefox 4ren argitaratzea,
Firefoxen 5. urteurrena etab.)
Azalpen luzea
=============
Mozillaren barruan hainbat software-produktu daude (Firefox,
Thunderbird, Calendar, SeaMonkey) baina ezagunenak, erabilienak eta
Mozillaren aldetik babes handiena jasotzen dutenak Firefoxen ingurukoak
dira. Gaur egun: Firefox, Androiderako Firefox eta Firefox OS.
1. Zerbitzu bat eskaintzen duten webguneak
Aipatutako produktuei lotuta, webean hainbat zerbitzu eskaintzen ditu
Mozillak. Webgune hauek etengabe aldatzen doaz eta tarteka eguneratzeko
beharra daukate.
- Gehigarrien gunea (addons.mozilla.org, AMO):
https://addons.mozilla.org/eu/
Azalpena: Thunderbirderako, SeaMonkeyrako eta batez ere Firefoxerako
gehigarriak biltzen dituen webgunea da. Azken erabiltzaile nahiz
garatzaileei zuzendutako webgunea da.
Egoera: Errepasoa behar du, nahiko utzita dago.
Erabiltzailearentzat bistan dauden kate nabarmenenak itzulita daude,
baina ez guztiak.
Garatzaileentzat erabilgarri dauden kate batzuk ere itzulita daude,
baina hauek ez dira kritikoak.
Gune honen barruan dago garatzaile-zentroa deritzona. Kate oso teknikoak
dira eta garatzaileentzat zuzenduta dago. Ez da kritikoa.
https://addons.mozilla.org/eu/developers/
- Laguntza-zentroa (support.mozilla.org, SUMO):
https://support.mozilla.org/eu/
Azalpena: Produktu nagusien laguntza-artikuluak eta foroak biltzen
dituen webgunea da. Interfazea ez ezik, artikulu osoak itzul daitezke,
jendeari nabigazio txukuna ez ezik benetako laguntza eskainiz.
Egoera: Utzita.
Duela gutxi webgune osoa berritu zuten eta zaharra bere osotasunean
itzulita bazegoen ere, berrian kate gehienak aldatu egin dira.
Eguneraketa behar du, beraz.
Laguntza-artikuluei dagokionez, oso gutxi daude itzulita. Oso
erabilgarria suerta daiteke jende gehiagorentzat orri hauek itzultzea
baina, beti bezala, denbora behar da.
- Firefox Marketplace (marketplace.firefox.com):
https://marketplace.firefox.com/
Azalpena: Kaleratzear dagoen Firefox OS sakeleko telefonoen
lehenetsitako aplikazioen denda. Software librea denez eta nahi duenak
bere Marketplace propioak jar ditzakeenez, itzulpena webgune honetatik
harago ere erabiliko litzateke.
Egoera: Itzultzeke.
Hau gauza nahiko berria da eta lantzeke dago. Proiektu polita izan
daiteke Firefox OSdun telefonoekin batera.
- Mozilla Persona:
https://login.persona.org/
Azalpena: webguneetan posta elektronikoa erabiliz saioa hasteko modu
seguru eta deszentralizatua. Oraindik beta fasean dago.
Egoera: Sasoiko.
Ez ditu kate asko eta itzulpena egunean mantentzeko arazorik ez daukat
momentuz.
2. In-product orriak
Webgunea izatera iritsi ez, baina webean zintzilikatzen diren zenbait
orri ere badaude itzultzeko batzutan (in-product orri gisa ezagutzen
dira). Hauek normalean produktu batekin lotuta doaz, adibidez:
Thunderbirden edo Firefoxen lehenetsitako hasierako orriak.
Momentuz multzo honetan sartuko nuke mozilla.org webgunea, nahiz eta
webgune osoa berritzekotan diren eta hemendik gutxira 1. multzoan
sartzeko moduan izango garen.
Hauek itzultzen Ibai Oihanguren aritu izan da, baina azkenaldian nahiko
jokoz kanpo dabil ;)
Orri hauen jarraipena ondorengo helbidetik egin daiteke:
https://l10n.mozilla-community.org/webdashboard/?locale=eu
3. Marketin-kanpainak etab.
Hauek aldian-aldian azaltzen dira, baina gurea bezalako komunitate txiki
batentzat gehiegizkoak dira.
Mozilla Hispanokoak adibidez, jendez eta baliabidez beste inor baino
hobeto dabiltzanez, buru-belarri sartuta daude kontu hauetan. Eta ez
bakarrik webguneak prestatzen, komunitatea lantzen, ideiak zabaltzen eta
hitzaldiak han-hemen emanez ere bai.
Bai, hau guztia informazio askotxo izan daiteke guztia batera
lixeritzeko eta agian atzera ere bota lezake. Webguneen
"state-of-the-art"a laburbildu nahi nuen irudi orokorra emateko eta
erakusteko alor ezberdinak daudela.
Pertsonalki, Firefox Marketplace, gehigarrien webgunea eta
laguntza-zentroa katalogatuko nituzke itzultzeko egokien gisa une honetan.
Interesik edo jakin-minik sortu dizun zatirik badago, galdetu lasai eta
sakonduko dugu gaian.
Julen.
[1] Kasu hauetan ondo dator ohiko koordinazio-urrats batzuk kontuan
hartzea, hanka-sartzeak ekiditeko, batez ere:
http://librezale.org/wiki/Lokalizazio-gida#Lokalizazioa_hasi_baino_lehen:_koordinazioa
Librezale posta zerrendari buruzko
informazio gehiago