[Librezale] Buber sariei buruzko artikulua (2. bertsioa)

Txopi txopi a bildua sindominio.net
Ost, Abe 14, 13:57:34, CET 2011

Agurrak guztioi:

Denbora aurrera doa eta inork ez du proposatu nuen testua ikutu. Testua
denona egitea nahi nuen baina badirudi nire nahia ez nuela nahi nuen
bezain argi azaldu. Gai hau hilda geratu ez dadin, bidali nuen testuaren
bertsio berri bat prestatu dut:

Buber Sariak 2012. Eman diguten sariari uko egiten diogu

Internet&Euskadi
elkarteak antolatzen dituen Buber sarietako bat
eman digutelaz jabetu gara. Sari horri uko egiten diogu
eta gure erabakia ulertua izan dadin, gertatutakoa azaldu nahi dugu:
1) Buber sarietan hautagai izateko, aurkeztu beharra dago.
Internet&Euskadik jarritako araudiaren
arabera, Microsoft DOC jakin bat bete beharra dago eta ezarritako
epe batean helbide zehatz batera igo
2) Ez ginen aurkeztu. Ez genuen araudian eskatzen den ezer egin.
3) Antza denez, hautagaiak bozkatzeko aukera egon zen. Eta ondoren
epaimahikideek hautaketa ere egin zuten.
4) Guk sari horietarako hautagaiak ginenik jakin gabe jarraitzen genuen
eta are gutxiago finalista bezala hautatuak izan ginenik.
5) Gure harridurarako, sariak banatu baino 2 egun lehenago sarietako
batetan finalistak ginela esaten zuen e-mail bat jaso genuen.
Antzolatzaileek erakundearen izenean joango ziren pertsonak konfirmatzea
eskatzen zuten. Baita irabazle ateratzekotan saria jasoko zuen
pertsonaren izena, kargua eta telefonoa. Guzti hori astearte arratsalde
batetan, bi arratsalde beranduago Bilbon burutuko zuten ekitaldi
baterako.
6) Ez genuen erantzun. Ez genien joaterik geneukan ala ez esan, eta
eskatzen zizkiguten datuak ere ez genituen bidali. Alderantziz, beste
arrazoi batzuren artean seriotasun falta nabarmena zela eta, gure
hautagaitzari uko egitea edo ez, irabazle suertatzekotan sariari uko
egin edo ez pentsatzen hasi ginen. Baina hain ordu gutxi izanik, gurea
bezalako talde ireki eta horizontal batetan, erabaki bat adosteko
betarik ez genuen izan.
7) Sarietara ez aurkeztu arren, gure alde bozkatu ez arren eta eskatzen
ziguten ezertxo ere ez egin arren "Software librea ondoen sustatzen duen
weba" sariaren irabazleak atera ginen.
8) Sari horretara benetan aurkeztu ziren beste batzuk alboratuak izan
zirela ulertzen dugu.
9) Ekitaldia burutu zenetik 14 egun igaro dira eta oraindik inork ez
digu irabazle izan ginenik jakinarazi.

Gure uste apalean, sari hauek ez dira gutxieneko
sinesgarritasun batekin antolatu, erabaki eta banatu.
Ulergarria denez, Internet&Euskadik arauak dauden bezala mantentzen
dituen bitartean behintzat, sariak aurkeztu direnen artean
banatu behar zirela defendatzen dugu, edo dagokion atala irabazlerik
gabe utzi. Gainera, aurkeztu ere ez direnak irabazle
ateratzearena lehen aldia ez dela entzun dugu eta horrek ere asko
arduratzen gaitu. Urte bakoitzean Buber sarietara irabazteko ilusioz
aurkeztu direnek, hautaketa zintzo bat merezi dutela uste dugu.

Bestalde, adierazpen hau egiten ari garen honetan, larriak iruditzen
zaizkigun beste bi gai aipatu nahi ditugu. Alde batetik, sarien
babesle bat (EITB) sarietako baten irabazle izana ("Proiektu
solidarioa" hain zuzen). Egoera hau nola edo hala saihestu behar zen
zerbait iruditzen zaigu.

Beste aldetik, Internet&Euskadiko webguneak euskaldunak
zokoratu egiten dituela salatu nahi dugu. Euskal erakunde
batek, gutxienez, euskarari erdarari ematen dion bezainbesteko
garrantzia eman behar diola uste dugu; herritarrei begira burututako
jardueretan behintzat, inolako zalantzarik gabe. Are gehiago
Internet&Euskadik berak bere helburuetako bat "IKTetan
euskararen erabilera sustatzea" dela dioenean eta bere baloretako
bat "Interneten
euskararen erabilera sustatzea eta defendatzea" dela dioenean.
Buber Sarien banatze-jaia horrelako handitasunez antolatzen duen
bitartean (gala moduko zeremonia bat egin zen, musikari desberdinak eta
pintxoak barne), onartezina iruditzen zaigu Internet&Euskadik oraindik
bere webgunea euskaraz ez izatea.

Sari horien inguruan adierazpen hauek egin arren, Librezaleko
partaideok argi utzi nahi dugu ez gaudela Buber sari batzuren aurka,
ezta euskal esparruan teknologia berriak sustatzeko sarien aurka ere;
gutxiengo kalitate bat betetzen duten bitartean behintzat.

Erabaki hau erantzukizunez hartu dugu eta gure arrazoien sakontasuna
ulertuko denaren esperantzarekin agurtzen gara. Adierazpen hau
Internet&Euskadi elkartera ere bidali dugu jakinean egon daitezen.

Eskerrik asko eta goraintziak aurtengo Buber sarietan ibili zaretenoi
(antolatzaileak, epaimahaikideak, sari banatzaileak, sarituak eta
sarituak izan ez zaretenak), batzuk ezagunak eta lagunak bait
zaituztegu. Horrek erabaki hau hartzea asko zaildu digu, baina hala ere,
mezu hau gizarteratzea zuzenena zela iruditzen zaigula ulertuko
duzuelakoan gaude. Agurrak guztioi,

Librezale taldeko asanblada.

Ikus daitekeenez, aldaketa gutxi egin ditut:
- Ibai Oihangurenek aipatu zituen zuzenketa ortografiko biak egin
ditut.
- I&E-k euskarari ematen dion garrantziari dagokionez, batek baino
gehiagok proposatu zenuten bezala, testuan horren inguruko kritika bat
gehitu dut.
- Esaldi batzuk letra lodiz nabarmendu ditut (strong etiketen artean
dauden zatiak).

Inor kontra agertzen ez bada, bihar arratsaldean (osteguna), testua
e-mailez bidaltzeaz gain, gure blogean argitaratzea proposatzen dut.
Euskararekiko aipamen bat gehitzea eskatu zenutenon baten batek bertsio
honen onespena ematea eskertuko nizueke, edo bestela testua nola
egituratu ahalik zehatzen proposatzea.

Patxi, zure azken mezuan iritzi nahiko kritikoa agertu zenuenez,
azkenik Librezale bezala testu hau argitaratzearen aldekoa zaren ala ez
argitzea gustatuko litzaidake. Bereziki zure onarpena izatea nahiko nuke
edo beste adierazpen desberdin bat edo prestatzen ari zaren jakitea.

Guztioi: Testu hau argitaratzearen alde zaude? Eman zure iritzia
mesedez!

Goraintziak,

Txopi.

Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago