[Librezale] Librezale berria abian da

Julen julenx a bildua gmail.com
Iga, Ots 28, 21:44:59, CET 2010


assar<asarasua a bildua telefonica.net> igorleak hau idatzi zuen (2010eko
otsren 26a 17:50):
> Testu bat idatzi dut webgune berriaren aurkezpen-albistea nonbaitetik
> hasteko. Badakizue, nahi duzuen eran aldatu dezakezue.

Primeran!

Detaile txiki batzuk bakarrik aldatu ditut, ez beste munduko ezer.
Lotura batzuk gehitzea ere faltako litzake.

Julen.


Librezale berria abian da

Software librea euskaraz sustatzen duen Librezale taldekook webgune
berria jarri dugu abian gure jarduerak bideratzeko. Itxura berriturik,
webgune dinamikoagoa eratu dugu eta bertan zegoen informazioa
eguneratu dugu. Orain albisteak modu argiagoan eskaintzen dira,
webgunearen azalean, eta honekin batera gizarte-sareetatan eta gure
foroan dauden mezu-trukeak erakusten dira.

Librezaleren foroa euskarazko software librearen inguruko zalantzak
eta ideiak partekatzeko tresna garrantzitsua bihurtu da azken urte
hauetan. Orain aurpegia garbitu diogu eta orain arte bete duen
funtzioa betetzen jarraitzea nahi genuke.

Webgune berrian garrantzi berezia eman diogu aplikazio informatikoak
euskaratzeko prozesuaren azalpenari. "Lokalizazio-gida" izeneko
atalean lan horretan hasi nahi duenak edo gehiago sakondu nahi duenak
informazio baliagarria aurkituko du. "Lan-tresnak" atalean, bestalde,
euskaratzeak egiteko erabil daitezkeen hainbat aplikazio, formatu eta
baliabide azaltzen dira. Honi lotuta, Librezalek Pootle web aplikazioa
dauka instalatuta bere zerbitzarian, itzulpenak auzolanean
bideratzeko.

Librezale parte-hartze irekiko taldea da: edozeinek har dezake parte
inolako arazorik gabe eta bakoitzak ahal duen neurrian. Ez dugu
egitura finkorik eta gure komunikazio-tresnak webgunea, foroa eta
posta-zerrendak dira. Elkarrizketa eta eztabaida nagusia Librezale
posta-zerrendan ematen da.
Lagundu nahi baduzu, hainbat moduz egin dezakezu: itzulpenak egiten,
foroetan agertzen diren zalantzak argitzen, euskaratutako aplikazioak
sustatzen... Begiratu webguneko "Parte hartu nahi duzu?" atala
informazio gehiagorako. Baina kontuan izan gure filosofia. Jatorri eta
ikuskera askotako lagunak ari gara Librezalen eta denok ere oinarrizko
printzipio batzuk jarraitzen ditugu:
* Aplikazio informatikoak euskaraz edukitzeko lan egiten dugu.
* Software librea lehenesten dugu, askatasun gehien ematen duena delako.
* Gure lanak ere lizentzia libreekin banatzen ditugu, egindako lana
etorkizunerako ere baliagarria izatea nahi dugulako.
* Zubiak eraiki behar direnez, plataforma anitzetan dabiltzan
programak lehenesten ditugu.
* Estandar eta formatu irekien alde egiten dugu, aukerak aukera, elkar
ulertzeko ezinbestekoak direlako.

Librezaleren izaerarekin bat datozen tresna informatikoak hobetsi
ditugu webgune berria egiteko. Orririk gehienak wiki eran osatu ditugu
MediaWiki aplikazioa erabiliz, tresna honek bistako abantailak
eskaintzen baitizkigu librezale guztiok elkarlanean aritzeko. Horrez
gain, WordPress erabili dugu albisteak kudeatzeko eta FluxBB aukeratu
dugu foroa zaharberritzeko.

Gurekin lan egin nahi baduzu, bisita gaitzazu:
http://librezale.org



Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago