[Librezale] Mozilla Europe Camp 09 kronika

Julen julenx a bildua gmail.com
As, Urr 6, 11:22:56, CEST 2009


Kaixo Librezale !!

Dakizuen bezala pasa den asteburuan Patxi eta biok Praga aldean izan 
gara Mozilla Europe Camp 09an[1], Mozillak Europarako antolatzen duen 
ekitaldi berezian, hain zuzen.

Ekitaldia bera larunbat eta iganderako prestatua zegoenez, ostiralerako 
bertaratu eta hiriko txokoak ikusteko aprobetxatu genuen.

Saioei dagokienez[2], esan daiteke larunbatekoek indar gehiago izan 
zutela igandekoek baino, "keynote" moduko gehiago egon zirelako, saio 
orokorragoak, alegia.

Glyn Moody kazetariak Mozillaren historia laburbildu zuen aurkezpen 
txukun batean. Pertsonalki ez nekien Mozilla hitzaren jatorria "Mosaic 
Godzilla" zenik (Mosaic[3] izan zen lehenengo nabigatzaile grafiko 
ezaguna); atentzioa deitu zidan.

Jarraian Mark Surmanek web irekiaren inguruan jardun zuen. Bere kezka 
nagusiak weba ireki eta seguru mantentzearen inguruan doaz. Horren 
harira Drumbeat[4] kontzeptua aurkeztu zigun, erabiltzaileek eurek weba 
ireki eta seguru bermatzeko proposamena.

Ikusmin handiena piztu zuen hitzaldia Mike Beltzner Firefoxeko zuzendari 
nagusiarena izan zela esan daiteke eta Firefoxen etorkizun hurbilari 
buruz hitz egin zuen.

Aipatutakoen artean nabarmentzekoak:
* Datozen Firefoxeko bertsioen kaleratze-zikloak motzagoak izango dira, 
denbora eta helburuen araberako zikloak. Hau da, ez dira denboran soilik 
oinarritutako zikloak izango (Ubuntu bezala) ezta helburuetan soilik 
oinarritutakoak (orain arte bezala). Adibide gisa jarri zuen Chrome 
nabigatzaileak bertsio berriak sei hilabetero kaleratzen dituela.
* Beste batzuen lanari aurrea hartu behar zaiola, batez ere weba 
teknologia itxietatik babesteko. Irakur bedi Adobe Flex, Microsoft 
Silverlight eta Google Gears.
* Electrolysis proiektuak[6] pisu handia hartuko du datozen bertsioetara 
begira. Proiektu honen helburua nabigatzailearen prozesuak banatzea da, 
interfazea, pluginak eta chrome-a (gehigarriak gehienbat) aparteko 
prozesuetan lan egin dezaten. Horrela, plugin batek huts egiten badu 
(Flashekin askotan gertatzen dena), honek ez du nabigatzaile osoa 
pikutara bidaliko, exekutatzen ari den orria baizik. Era berean, 
abiadura aldetik hobekuntza nabarmenak espero dira, gehienbat 
interfazearen izozteak ekidite aldera.

Gero Mikek berak beste saio dinamiko bat zuzendu zuen erabiltzaileen 
partehartze zuzena baliatuta Etherpad[5] aplikazioarekin, Firefoxek 
Europan duen presentziaren inguran arituz batez ere.

Arratsaldean saio paraleloak egon ziren gai konkretuagoen inguruan. Ni 
lokalizazioaren inguruko saioetan ibili nintzen eta xehetasun tekniko 
asko komentatu zirenez, ez dut uste azalpen handirik merezi duenik.

Larunbat gauean Vltava ibaian[7] zehar gora eta behera afaldu genuen 
barku handi batean; hoteleko monotonia hausteko ezin hobea.

Igandea Seth Bindernagel lokalizazioetarako gaien koordinatzailearen 
hitzaldi nagusi batekin hasi zen, eta ohi bezala lokalizazioen 
garrantzia azpimarratu zuen, Firefoxeko erabiltzaileen erdiak baino 
gehiagok bertsio lokala erabiltzen baitu.
Gauzarik inportanteena gure ikuspegitik, lokalizazioei eskainiko zaien 
aukera berri bat da: estatistiken txostenak[8][9]. Orain artean, gezurra 
badirudi ere, ez dakigu zenbat jendek deskargatu eta erabiltzen duen 
euskarazko Firefoxa. Hemendik aurrera badirudi horretarako bidea izango 
dugula.

Hori izan genuen igandeko saio nagusi bakarra. Gero, aurreko egunean 
bezala saio paraleloak. Atentzio gehiena L20n izeneko saioak deitu 
zidan, antza hainbat hizkuntzek lokalizazioaren inguruan dituzten 
arazoak konpondu nahi baititu. Formatu berri baten proposamena[10] egin 
zuten, baina ez zidan gehiegi konbentzitu, oso "Mozilla-centric" iruditu 
zitzaidan, nolabait.

Azken egun hau ere motzagoa egin zen, bueltako bidea goiz antzera 
hastekoak baikinen.

Orokorrean ekitaldi interesgarri eta probetxuzkoa, beti da poztekoa 
jendea hezur-haragitan ikusi eta halako tratua izatea, aspaldiko 
ezagunak agurtzea, esperientzia berri bat izatea beste toki batean, ...

Saioei dagokienean ordea, eta beharbada azken lauzpabost ekitaldietan 
izan naizelako izango da, esango nuke gauza asko behin eta berriro 
errepikatzen direla. Déjà Vu moduko sentsazioa.
Horregatik nahi dut animatu jendea gure Mozillako posta-zerrendan 
harpidetu eta dauden lanetan kolaboratzera, gero horrelako ekitaldietara 
joaten direnen artean beti ni ez egoteko, eta Déjà Vu sentsaziorik bada, 
banatu eta kolektiboagoa izan dadin :)

Portzierto, jendea igotzen ari den argazkiak ere badauzkazue 
Flickr-en[11], eta han egin zen guztia #eumozcamp09 etiketapean topatuko 
duzue.

Ondo segi !
Julen.

[1] https://wiki.mozilla.org/EU_MozCamp_2009
[2] https://wiki.mozilla.org/EU_MozCamp_2009/Schedule
[3] http://en.wikipedia.org/wiki/Mosaic_%28web_browser%29
[4] https://wiki.mozilla.org/drumbeat
[5] http://etherpad.com/
[6] https://wiki.mozilla.org/Electrolysis
[7] http://en.wikipedia.org/wiki/Vltava
[8] http://markmail.org/message/ak3jxoqkontmxs77
[9] http://l10n.mozilla.org/~stas/l10n-reports/
[10] https://wiki.mozilla.org/L20n
[11] http://www.flickr.com/photos/tags/eumozcamp09/



Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago