[Librezale] Galdera bat, Goizuetatik
Leitzaldeko euskara zerbitzua
leitzaldea a bildua euskalnet.net
Al, Mar 9, 12:48:42, CET 2009
Kaixo:
Goizuetako kultura eta euskara taldetik galdera bat egin nahi diogu
librezaleko foro honetan ari zareten guztiei, inork argibideren bat
emanen digulakoan. Ea kontua argi eta labur azaldu dezakegun:
Goizuetan euskararen inguruko zenbait lan-ildo definitu eta horietan lan
egin nahi dugu. Teknologia berriak eta euskara, besteak beste. Hainbat
gauza egin liteke, ziur asko, eta guk oraingoz horietako bat prestatu
nahi dugu. Labur azalduta, ordenagailuarekin euskaraz lan egiteko
moduen, baliabideen eta tresnen inguruko saio bat antolatu nahi dugu.
Erabat zehaztuta ez daukagun arren, trebakuntza-saio modura-edo antolatu
nahi genuke. Alegia, herriko jendea deitu, elkartu, eta
ordenagailuarekin euskara erabiltzeko ditugun aukerak aurkeztu eta
azaldu (sistema eragileak, bestelako programak, hizkuntza
baliabideak...). Saioak praktikoa izan beharko luke, ulergarria, eta
jendeari beldurra kentzea lortu beharko genuke, besteak beste.
Proiektore bat eta ordenagailu bat baliatuta, bertan erakutsi beharko
genuke aukerak zein diren, eta euskaraz lanean hasteko urratsak zein
diren eta nola egiten diren. Jakina, bide batez, software librearen
apologia egiteko aprobetxa daiteke, horren beharra ere handia izanen baita.
Saioaren hartzaileak, gure aurreikuspenean behintzat, ordenagailuaren
erabiltzaile arruntak izanen dira, ezagutza eta gaitasun maila
ezberdinekoak. Gehienak, ziur asko, software librea erabiltzen ez
dutenak. Jende gaztea, ziur asko, baina ez soilik.
Argibideak eta azalpenak emateko behar adinako ezagutza eta gaitasun
teknikoa duen "hizlaria" beharko genuke, beraz, baina baita publiko
arruntari argibideak modu xamur eta argi samarrean emanen dizkiona ere,
azalpen eta xehetasun teknikoekin gehiegi ikaratuarazi gabe. Saioa,
bestalde, maiatza aldera egiteko asmoa dugu, ahal izanez gero behintzat.
Beno, horiek dira gure eskaera, proposamen, galdera edo dena delakoaren
inguruan eman ditzakegun argibideak. Ez dakit asko eskatzea den,
horrelako saioak modu irekian han eta hemen egin ote diren...
Eta zer da mezu honen hartzaileei galdetzen dizueguna? Bada, ea saio
hori emateko pertsona edo talde egokia ezagutzen ote duzuen, haren
erreferentzia eman diezagukezuen, zer baldintzatan etor lite(z)keen, eta
gisakoak.
Besterik gabe, eta aldez aurretik eskerrak emanez, jaso gure taldearern
agurra.
Dabid Anaut (Goizuetako kultura eta euskara taldearen izenean).
Librezale posta zerrendari buruzko
informazio gehiago