[Librezale] Zaldieroak ere Firefox euskaraz erabiltzen du

Julen julenx a bildua gmail.com
Lar, Urt 31, 13:39:33, CET 2009


Hala esan zigun atzo ARGIA Saria jaso ondotik Patxi Huarte Zaldieroak,
ahapeka, «nik ere Firefox euskaraz erabiltzen dut». Bere katu Xaxak
ere erabiliko al du?

Piarres eta biok inguratu ginen Txitxardin Beltza jatetxeko ekitaldira
arratsaldeko 14:00ak aldera eta, zebilen jendillajearen artean inor
ezagutzen ez bagenuen ere (tira, bistaz akaso Gipuzkoako Ahaldun
Nagusia eta horrelakoak...), jator-jator inguratu zitzaizkigun Eli
Pombo eta Jon Torner Sareko ARGIAko arduradunetako bi. Gerora Gorka
Bereziartua eta hor nonbaitetik Gorka Julio ere agertu ziren.

Zizka-mizka batzuen ondotik 13. mahaian jartzea egokitu zitzaigun,
frikien mahaian nolabait. Ezkontza batean lain eman ziguten jaten;
hori bai, nahiko azkar sari-banaketa zela eta. Nerbioak ere baziren,
agian jana mikaztera iristeko moduan eta guzti.

ARGIAren 90. urteurrenaren harira, historia errepasatzen zuen
bideo-erreportaje batekin hasi zen ekitaldia arratsaldeko 16:00ak
aldera. Gorabehera askoko historia, ezbairik gabe, baina jira-bira
guztien gainetik XXI. mendean oraindik bizirik.
Segidan Xabier Letona ARGIAko zuzendaria atera zen jendaurrera.
Prentsaren egoera izan zuen hizpide, egungo gaiak ere jorratu zituen
eta ARGIAren 90. urteurrenarekin amaitu zuen hitzaldia[1].

Horrekin beraz sari-banaketari ekin zitzaion. Lehenengoak izatea
egokitu zitzaigun eta Elik berak eman zigun garaikurra (edo armatostea
(bai, benetan *asko* pisatzen du)). Ez geneukan diskursorik
prestatuta, ezta adostuta nork hitz egingo zuen, beraz egoerak erabaki
zuen nik saria jasotzea eta Piarresek 150 pertsonen aurrean hitz
egitea. Gutxi gorabehera gure eginkizunaren garrantzia azpimarratu
zuen, softwareak ere euskaraz hitz egin behar duela, gure seme-alabei
hori iritsiko zaiela eta software librearen bideak eskaintzen digun
aukera baliatuta bagabiltzala bide hori egiten. Eskerrak eman zizkien
batetik saria eman digutenei eta baita guk euskaratutako softwarea
darabiltenei ere.

Prentsa idatziari zegokion saria Patxi Huarte Zaldieroak jaso zuen.
Beldurra zuela komentatu zuen, bazekielako garaikurra aldatuko zutela
eta egurrezko zaharra oso gustoko zuela. Publikoa dudatan utzi ondoren
irribarrez aitortu zuen berria ere oso gustoko zuela. (Portzierto,
Firefox erabiltzen duela aitortu ondoren bere frikitasuna ere aitortu
zigun, interesa baitzuen jakiteko ea World of Warcraft-era jokatzen
dugun).

Publizitate arloan Usurbilen zaborra etxez etxe jasotzearen inguruan
egindako kanpaina saritu zuten. Xabier Mikel Errekondo azaldu zen
denen izenean saria jaso eta agurtzera. Bueno, agurtzera, ia bost
minutuz aritu zen hitz eta pitz (non da 30s-ko muga?).

Erlo Telebistari egokitu zitzaion telebistako saria, "Gure saltxan"
saioagatik. Saio honetan gure artean bizi diren etorkinak dira
protagonista, eta Erloren izenean hitz egin zuen Iban Bengoetxearekin
batera landu izan dituzte sukaldeko errezetak. Gure txikitasunean ere
badauzkagula gauzak lortzea azpimarratu zuen bukaerako "Yes we
can"-arekin.

Irratigintzan Joseba Barandiaranentzat izan zen saria, Euskadi
Irratian egiten dituen ekonomia-analisiengatik. Xume eta esker onez
agertu zen Joseba eta bere lanaren zatirik handiena etxeko-lana dela
nabarmendu zuen, zeina bere emaztearen laguntzarik gabe ezinezkoa
izango baitzitzaion egitea.

Azkenik, merezimendu saria Mikel Atxagarentzat izan zen eta, publikoan
izan arren, bere izenean irakurri zituen esker hitzak Elixabete
Garmendiak. Erabat emozionatuta eta negarrez zegoen Mikel.

Sari-banaketa bukatuta, ekipoko argazkia atera genuen, momentu batez
futbolari profesional sentitzeko sikiera (baina soldata galaktikorik
gabe).

Gero postrea, txanpaina, kafea eta kopak hasi ziren dantzan, nahiz eta
denbora batez kazetariak izan genituen galdezka odol gosez diren
banpiroen moduan. Esan liteke Bizkaia Irratia, DV, ETB eta Euskadi
Irratikoekin aritu ostean hasi zela benetako sobremesa.

Jendea erretiratzen hasi zen pixkanaka-pixkanaka eta gure mahaian
Teketen, Pi eta hirurok geratu ginen. ARGIAren urtekariari bistadizoa
ematen ari ginela Xabier Letona inguratu zitzaigun gure jardunagatik
zoriondu eta animoak ematera. Nik uste benetan detaile politta izan
zela hori, eskertzekoa beti ere. Ikusten denez, arrai txikiak arrai
txikiekin batzen dira.

Gero, ikusita erretiroa jenerala zela, guk ere mugitzea erabaki genuen
eta poteoa gauerdira arte luzatu genuen Hernanin.


Kronikaz gain, uste dut badaudela komentatzea merezi duten zenbait puntu.

* Txopik aurreko mezu batean aipatu bezela, sariarena "sekretupean"
mantendu behar izan da beraiek hala eskatuta.

* Euskadi Irratian egin ziguten entrebistan Josu izeneko artista batek
kanta motx bat egin zuen Librezalerentzat (tira, gonbidatu guztiei
atera zien zerbait). Norbaitek grabatu zuen irratikoa?

* Ekitaldiaren jarraipena hainbat mediok egin dute. Hemen batzuk
zerrendatuko ditut, baina akaso ondo legoke hauek guztiak wikian
biltzea.
- Zabaldu:
http://www.zabaldu.com/5667/argia_sariak_banatu_dituzte/
- Sustatu:
http://sustatu.com/1233332975
- eitb.com:
http://www.eitb.com/kultura/albisteak/osoa/76430/mikel-atxaga-kazetari-eta-idazleari-merezimenduzko-argia-saria/
- ARGIA (artikulua, gehi bideoa eta argazkiak):
http://www.argia.com/albistea.php?id=33686
- Berria:
http://berria.info/paperekoa/harian/2009-01-31/016/007/Patxi_Huarte_marrazkilariak_jaso_du_prentsa_idatziko_Argia_saria.htm
- Gara:
http://www.gara.net/paperezkoa/20090131/119437/eu/Euskarazko-komunikazioa-saritu-du-Argiak-90-urteurrenean-ere
- DV:
http://www.diariovasco.com/20090131/gente/argia-merezimenduzko-saria-mikel-20090131.html
- ETB (hemengo bideoak deskarga daitezke?):
http://www.eitb.com/videos/video.php?id=76597

* Elik garaikurraren irudia bidali dit eta webgunean jarri dut.
Testutxo bat gehitu diot alboan, zerbait gaineratu nahi baduzue,
aldatu edo kendu, esan lasai.

* Garaikurra. Guztiek egiten ziguten galdera: eta garaikurrarekin zer
egingo duzue?
Librezale ez da elkarte bat (ojo ARGIAko bideoan, bi aldiz elkarte
garela esaten dute, guk infinitu aldiz errepikatu arren medio guztiei
ez garela elkarte bat; komunitate bat, lagun talde bat baizik), ez
daukagu egoitza sozialik, online bizi gera. Hortaz ez daukagu toki
amankomun bat saria gorde eta jartzeko. Sari hau denona da, denok dugu
merezimenduaren puska bat eta denon aukeran egon behar du armatoste
hau eskutan izatea. Orduan zerbait pentsatu beharra dago.
Iaz Wikipediarekin sari hau jaso zenutenok (Mikel, Arkaitz) zer egin zenuten?
Niri ideia txororen bat etorri zait burura, baina tontakeria handiren
bat bota aurretik zuenak entzun nahi nituzke.


Ta horixe da dana.

Ondo segi,
Julen.

[1] http://www.argia.com/fitx/bestelakoak/Letona-hitzaldia09.pdf



Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago