[Librezale] Eubako enkontrua

Julen julenx a bildua gmail.com
As, Abe 9, 17:39:22, CET 2008


Kaixo lagunok,

Dakizuen moduan pasa den zapatuan elkartu ginen Euban bi urteko
lehortearen ostean Librezaleko beste asanblada bat egiteko. Mezu hau
bertan esandakoak biltzeko saiakera bat da. Saiatuko naiz wikia
eguneratzen bildutako informazioarekin. Esan gabe doa zuen ekarpenak
ongi etorriak ez ezik beharrezkoak ere badirela.

Gauzak eztabaidatu ziren ordenan azaltzen saiatuko naiz, gai ordenari
jarraituz batez ere.

Hartu patxada mezua irakurtzeko, nahiko luzea da eta.


Parte-hartzaileak: Ander, Assar, Hey_neken, Ibon, Julen, Mikel I.,
Osoitz, Patxi, Piarres, Teketen, Txopi


1. Librezale


  * Hosting-a: hosting-arekin ez dago arazorik printzipioz;
Mundurat-ek behar ditugun zerbitzu guztiak ematen dizkigu.

Hey_neken gure sysadminak komentatu du batzutan zerbitzaria lineaz
kanpo egoten dela, baina Munduraten eskuetatik kanpo dagoen zerbait
dela (adibidez sindominio-ko zerbitzariak leku berean daude eta hauek
ere lineaz kanpo geratzen dira aldi berean).

Honez gain, zerbitzariaren aldetik garbiketa egiteko beharra aipatu
da, gauza zaharren datu-baseak (tikiwiki, galaxy deskargen atala)
kentzeko gehien bat. Baleude, zalantzazko kasuak posta-zerrendara
bideratuko dira.

Bestalde, babeskopien script-etan lanean dagoela esan du Hey_nekenek.


  * Domeinua: Piarresen izenean eta 2009ko ekainera arte dago hartuta.

Beharrezkoa denean Piarres bera arduratuko da domeinua eguneratzeaz.
Ez da boterik jarriko, zerbeza batzuekin ordaindu zaio Piarresi.


  * webgunea: berrantolatzeko beharra azpimarratu da baina sakonago
eztabaidatu da komunikazioari begira Patxik proposatutako puntuan.

Foroari begira, saioa hasi gabe egonda mezuak irakurtzeko arazoak
aipatu dira, baina bertaratutakoen artean pertsona bakarrari pasatu
zaio.

Foroan berrantolaketa ere behar dela iritzi da, gauza onerako foro
gehiegi baitago. Egun, administratzaile nagusiaren mezuak existitzen
ez den osoitz a bildua librezale.org helbidera doaz (inora iritsi gabe) eta
zuzenean posta-zerrendara bideratzea aipatu da.

Garbiketa hau posta-zerrendan eztabaidatuko da eta Osoitzen ardurapean
egingo da.



2. Komunikazioa

Puntu hau asanbladan bertan proposatu zuen Patxik eta gai-ordenan
zeuden puntu batzuk hartzen ditu bere baitan, hala nola webgunearen
eta irudiaren puntuak.

Ideia nagusia Librezale kanpora begira jartzea da, egiten denaren
berri emateko eta aldi berean parte hartzea sustatzeko.

Librezaleren erreferentzia munduari erakutsi beharra nabarmendu du
Patxik eta, metafora aparta egin du Teketenek, esanaz Librezalek
Software Librearen eta euskararen *faroa* izan behar duela. Faro lana
egitearekin batera, elkarlana sustatu eta esfortzu txikiekin jendea
geuregana dezakegula gehitu du Anderrek.

Hala ere, rolak bereiztu behar dira, perfil ezberdineko jendea
baikaude: tailerra, eszenatokia, faroa


  * Irudia

Ezer egin gabe ere Librezalek indarra du Euskal Herri mailan, baina
gure jarduna sozializatzeko nahi eta beharrak daude. Honi lotuta
irudia berritzeko proposamena egin da, gure frankie maiteak beldurra
ere eragiten duela ere entzun da...

Honekin batera guri buruzko informazio argia ematea komentatu da, zer
den Librezale, zer egiten duen, ...
Irudi berriari lotuta pegatak, kamisetak, usb memoriak eta bestelakoak
egitea proposatu da.


  * Webgunea

Egungo webgunea apenas aldatu gabe dago Ibonek berritu zuenetik. Eduki
askok, azalak barne, izaera estatikoa dute eta web sozialaren
garaiotan webguneak kanpora (eta barrura) begira gehiago eman behar
du.

Ezer baino lehen, Librezalen egiten denaren berri emateko beharra
azaldu da, zer euskaratu den, zein ekimenetan parte hartu dugun, ...
webgunea elikatzeko prest ikusi da Patxi.

Txopik planet bat[1] egiteko ideia bota du, edukiak etiketa amankomun
batekin identifikatu eta blogosferako mezuak bertan biltzeko.

Alderdi teknikotik begira, Julenek esan du Softcatalako[2] webgune
eraberritua erreferentzi gisa har daitekeela eta nahi izanez gero
kodea ere lor daitekeela.

Edozein kasutan, webgunearen eraberritzerako lan-talde bat osatu eta
gehienbat hauek arduratuko dira hau aurrera eramateaz: Hey_neken,
Teketen, Txopi, (Ibon?)


  * Komunitatea

Sarean ez ezik, Librezalek komunitatean agerpen publikoen bidez izan
beharko lukeen papera mahai gainean jarri da, ekitaldi ezberdinetan
talde gisa gehiago parte hartu behar lukeela azpimarratuz: ieb09,
UEUko ikastaroak, hackmeeting-ak, unibertsitateak, basquecamp, ...


  * Posta-zerrenda

Posta-zerrendara bidaltzen diren mezuen tematika bereizteko aukerazko
etiketak erabiltzea proposatu da. Etiketa hauen zerrenda wikian
osatuko da.



3. Proiektuei errepasoa


  * Softwarea euskaratzea

Ildo honetan, Librezaleko eta Librezaletik kanpoko proiektuak
webgunean zerrendatzea proposatu da.

Gure esku dauden proiektuetan arduradunak izatearen beharra berretsi
da harik eta proiektuek bizirik iraun nahi badute. Proiektu batzuk
umezurtz daude eta batzuk erdizka, horregatik argi eta garbi adierazi
behar da proiektu bakoitzari buruzko egoera, nor den pertsona
arduraduna eta zer egin behar den parte hartzeko.

Egoera bereizteko semaforoaren metafora erabili da:
- berdea: proiektua martxan
- laranja: jendea behar da
- gorria: proiektua berpizteko dago


  * Proiektuen zerrenda

Proiektuak zerrendatzen hastean galdera interesgarria egin da: zer
dira Librezaleko proiektuak? guk laguntzen ditugun proiektuak dira.
Debian-eko proiektua Librezaletik kanpo bezala ikusi da, Debianek
taldeekin baino pertsonekin egiten duelako lan.

- Mozilla:

  + Calendar (berde): Anderren ardurapean geratuko da, baina
kudeaketaren alderdi teknikoak Piarres eta Julenen laguntza izango du.

  + Thunderbird eta Firefox (berde): Julen eta Piren ardurapean.

  + Webguneak (berde?): bileran ahaztu eta tabernan komentatu da,
baina orain arte ardura nagusia 3ARRANOk hartu izan du; zure iritzia
beharko genuke, ea zein den zure postura.

  + Seamoneky (gorria): hau ere bileran ez da komentatu (eta oraintxe
akordatu naiz honekin!). Suitearen erabiltzaile nostalgikoentzat
proiektu aproposa.

- WordPress (berde): Txopiren ardurapean egun baina Teketen ere
laguntzeko prest azaldu da.

- XFCE (berde): praktikoki lan guztia Piren esku.

- Mailman (naranja): proiektu hau estrategikotzat hartu da, praktikoki
edonon erabiltzen delako Mailman. Afera historikoak gogora ekarri
diren arren, etorkizunera begira honetan lanean jartzeko nahia azaldu
da.
SVN zerbitzariko baimenak Pik ditu, beraz arazorik ez alde horretatik.
Txopi honen ardura hartzeko prest azaldu da eta Piarresek ez du ahal
duen heinean laguntza emateko oztoporik.

- Tux Paint (gorria)

- phpBB (gorria)

- Horde ? Hau ez da gure proiektua, EHUk eskatuta Elhuyarrek egina
baizik; halere Ibonek komentatu du eginda dagoen itzulpena berrerabil
daitekeela eta inork proiektu honetan lan egin nahiko balu lan asko
aurreratuta duela.


* Estilo liburua

Softwarearen lokalizaziorako estilo-liburu bat behar da.

Ibonek esan du bildutakoen artean hamar ordutan egin genezakeela lana.
Bromak aparte, berandu baino lehen honi ekiteko asmoa berretsi da eta
Hey_nekenek esan du hasteko herrialdeen ISO zerrenda osatzen has
gaitezkeela.

Wikia erabiliko da ekimen hau aurrera eramateko eta estilo_liburua
posta-zerrenda ere hor dago (bide batez, ez zen ezabatu eta erabil
daiteke!).

Hey_nekenek botako du lehenengo harria beraz.


* Creative Commons 3.0 lizentziak

Egun espainiar eta frantziar estatuetara moldatutako CC 3.0 lizentziak
daude eta erabaki behar da hauetako zein euskaratuko den.

Duda-mudak daude halere gerorrek egin itzulpena eta zuzenketa egitera
pasa edo zuzenean abokatuei pasatzea lizentziak itzulpena egin
dezaten.

Garai batean copyleft-eu ekimenaren bitartez sobratu zen diru bat
dagoela esan du Osoitzek eta hori erabil litekeela.

Librezalek beraz dinamizatzaile lanak egingo ditu CC 3.0 lizentziak
euskaraz egon daitezen eta kontaktu nagusia Txopi izango da, nahiz eta
itzalean Osoitzek ere lagunduko dion.

Beste zentzu batean baina lizentziekin lotuta, Creative Commons egun
bat antolatzeko ideia bota du Patxik eta, honekin batera, lizentziak
euskaraz ateratzearekin batera zerbait argitaratzea.


* Software Librearen zabalkundea

Anderrek Debagoiena bailaran Software Librea zabaltze aldera egindako
lana[3] azaldu zigun. Azpimarratzekoak:

Estrategikoki oso garrantzitsua da formatu irekien erabilera
bermatzea; legeak behartzen du, gainera. Arlo horretan Debagoieneko
udalek migraziorako aukerak azter ditzaten nahi da. Sindikatuak
dantzan jartzea lortu du Anderrek eta gaia mahaiaren gainean izatea
ere bai.

Abenduaren 17an bailarako alkateei azalpen-aurkezpena egitekotan da
(kontatuko diguk!).

Diputazio mailan uste baino gehiago ari dela mugitzen Software Librea
komentatu da eta Bizkaian kezka berezia badagoela, agian BiscayTIKen
harira sortua.

Bestalde, abenduaren 20an egingo den ekitaldiaren berri eman digu
Teketenek (argibide gehiago egongo direlakoan), zeina Software Librea
aitzakia hartuta Kursaala betetzeko asmotan baiten.

Enpresei begira, Anderrek bilera bat hitzartua du Fagorren eta
Hey_nekenen laguntza izango du.

Piarresek ere Gipuzkoako Euskara Elkarteekin (ondo apuntatu nuen?)
bilera bat duela azaldu digu.


* Bestelakoak

Mikel Iturbek Software Libreko ikastaroari[4] buruz aipatu du
materiala prestatzen ari dela azalpen eta ariketekin eta Librezaleren
baitan argitaratu nahi duela GFDL lizentziapean.



Gutxi gora behera hau da guztia, ikusten duzuenez gauza askotaz hitz
egin zen, ardura batzuk banatu ziren eta nahiak eta proposamenak ere
ugari izan genituen. Hartutako ardurak betez gero bide zuzenetik
gabiltza, eta izango dugu astia gauza gehiagotan pentsatzeko.


Izan ondo Librezale,

Julen.

[1] Adibide bat, GNOMErena: http://planet.gnome.org
[2] http://softcatala.org
[3] http://wiki.librezale.org/index.php/Software_librea_udal_administrazioan
[4] http://www.mundurat.net/pipermail/librezale/2008-November/002008.html



Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago