Zirriborroa

Librezale.eustik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Mastodon: Fedibertsora euskaraz

Fedibertsoa elkarrekin bateragarriak diren gizarte-sare federatu libreen ekosistema bat da. Hainbat zerbitzaritan eta saretan egonda ere, erabiltzaileak elkarrekin komunikatzen dira federazioari esker.

Sare guzti hauen artean hazkunde deigarriena izaten ari dena Mastodon da, Twitter-en ordezko etiko bat. Proiektua Frantzian hasi bazen ere, Japonian du erabiltzaile gehien.

Zergatik Japonian? Facebook eta Twitter bezalako gizarte-sare komertzial amerikarren erabilera baldintzek ez dituzte onartzen Japongo kulturan errotuta dauden komiki erotiko batzuk, eta Mastodon-en izaera federatuak komunitate bakoitzak arau propioak izatea ahalbidetzen du. Japongo zerbitzarietako erabiltzaileek ez dituzte soilik komikiak argitaratzen, baina erosoago daude arrunt zaien hori ere onartzen den tokietan.

Mastodon exekutatzen duen zerbitzari bakoitzari instantzia deitzen zaio eta instantzia bakoitzak bere izaera berezitua izan ohi du: komunitate horrek onartutako gida-lerroak, instantzia horretan erabiltzen den hizkuntza edo hizkuntzak, gehien jorratzen diren gaiak eta abar. Kontua instantzia batean zein bestean sortu, Mastodon gehienak fedibertso osora konektatuta daudenez, erabiltzaile guztiak elkarren artean hitz egin dezakete, elkarrizketa global eta federatu bat sortuz. Hau da, gizarte-sare komertzialetan gertatu ohi dena baina dibertsitate eta askatasun maila handiagoarekin.

Zerbitzu komertzialek ahalik bisita gehien lortzea dutenez helburu, algoritmoen bitartez, erabiltzaile bakoitzaren denbora-lerroa faltsutzeko gero eta ohitura handiagoa dute, pertsona hori ahalik denbora gehien sistemako datuak kontsumitzen eta sistemari informazioa ematen manten dadin. Mastodon-ek denbora-lerroa era kronologikoan erakusten du, hau da, jarraitzen dituzun pertsonen mezuak beraiek idatzi dituzten ordenan erakusten dizkizu, algoritmoekin zure arreta zuzendu gabe.

Mastodon ez da printzipioz datuak metatzeaz bizi den gizarte-sare bat, nahita publikoki argitaratzen duzun guztia edonork miatu dezake, baina ez dago zuk nahita ematen ez duzun informazioa zelatatzeko borondaterik sarean diseinuan edo libreak diren bezeroetan. Ez da gutxi, Facebook-en aplikazio ofizialak deien datuak biltzen zituela/dituela jakin da, adibidez.

Oraingoz ez dago Mastodon instantzia euskaldunik, baina web interfazea eta Android-erako Mastalab aplikazioa euskaraz daude, eta instantzia desberdinetan gero eta euskaldun gehiago ikus eta jarrai daitezke. Adibide bat? Argiaren jarraitzaileak.

Erdu Fedibertsora zu ere!

---

Tatxatutakoa = kentzeko proposatua.