[Librezale] Nextcloud itzulpenaz

mikelgs a bildua ni.eus mikelgs a bildua ni.eus
Lar, Mar 16, 08:20:26, CET 2024


Kaixo guztioi,

Gauza batzuk komunikatu eta galdetu nahi ditut:

1.- Galizian badago enpresa bat (Librebit - GNU/Linux Experts) software 
libre zerbitzuak ematen dituena edo. Beraiekin lan egiten du batzuetan 
Miguel A. Bouzada izeneko galiziera itzultzaileak (itzulpenengatik 
kobratu ohi duela uste dut). Iaz Miguelek idatzi zigun (Librezaleren 
topaketaren batean egongo zen, Julen gogoratzen omen zuen), abisatuz 
EAEko administrazio publikoak Nextcloud dela eta enkargu bat egingo 
zuela, agian diru bat egongo zela euskara itzulpenerako... 
Posta-zerrenda honetan pixka bat hitz egin ondoren adostu zen diru 
publiko hori jasotzeko prest egotea (eta gero norabait donazio gisa 
bidaliko genuela). Aurrekontu bat eskatu zidaten enpresa horretatik eta 
bidali nien, baina komunikazioa eten egin zen eta ez da horrelako ezer 
gauzatu. Beraz, gaia ahaztu dezakegula esateko idazten dut. Nobedaderik 
balego, komentatuko nuke hemen.

2.- Nextcloudeko euskara itzultzaile aktiboena Thadah D. Denyse da gaur 
egun. Make Irigoienek eta nik erritmo motela daukagu normalean. Kontua 
da Nextcloud proiektu handia dela eta itzultzeko lerroak handituz 
doazela: 3,726 lerro itzultzeke une honetan. Ez dut uste Nextcloudek 
euskara itzulpena abandonatutzat jo eta hizkuntza kentzeko 
arriskurik-edo dagoenik. Ez zait iruditzen ezta ere Nextcloud erabiltzen 
dugunean ingeles asko agertzen denik. Baina abisatu nahi nuen lana 
pilatzen ari dela. Pertsonalki, aspaldi konturatu nintzen ez dudala asko 
balio bakarkako lan honetarako, erresistentzia gutxi daukat. Saiatuko 
naiz astero ordu pare bat sartzen, baina abisatu nahi nuen egoera zein 
den. Norbaitek itzultzen hasi nahi badu, abisatu, uste dut zalantzak 
komentatuz ni neu ere gehiago aktibatu eta lan gehiago egingo nukeela. 
Langilea banaiz, baina berritsua lehenengo...

3.- Review egin behar zaie kateei Transifex-en, itzuli ondoren. Hau da, 
ondo itzulita daudela esan eta horrela gero ezin ditu edozein 
itzultzailek berriro ukitu. Hori egiten hasi nintzen udaran, baina 
kateak banaka irakurriz, ulertu eta berrikusita bezala uzten nituen. Lan 
handia da, itzultzea bezainbeste ia. Badago aukera pakete osoak hautatu 
eta bertako lerro guztiak errebisatuta daudela esateko. Paketeei 
begiratu orokor bat eman eta hori egiten badiet ondo iruditzen zaizue? 
Itzulpen maila baloratzeko orduan errebisatuta lerro asko egotea 
baloratzen dute Nextcloudekoek, uste dut. Gero akatsen bat baldin badago 
Librezale txat gelan norbaitek abisatzen duenean gustura joaten naiz 
bilatu eta zuzentzera, hori ez zait hainbeste kostatzen. Edo 
errebisatzeko lana alde batera utzi eta itzultzeko erabili beharko nuke 
denbora?

Eskerrik asko,

Mikelgs


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago