[Librezale] Gaitu proiektua - HIRUKA

Txopi txopi a bildua ikusimakusi.eus
Ast, Aza 16, 22:19:57, CET 2023


Kaixo:

Gorka, ondo baino hobeto egin duzu. Mila esker zure ekarpenengatik. 
Nireak ere gehitu ditut eta jarraian eransten dudana atera da:

====================

1. Zergatik da garrantzitsua adimen artifizialari, AAri, euskara irakastea?

Librezalen software, protokolo eta datu libreen aldekoak gara, besteak 
beste euskaldunok euskaraz aritzeko dugun eskubidea bermatzen dutelako. 
AA libreek ere hori ahalbidetzen dute.

Libreak ez diren AAek ez dituzte erabiltzaileak errespetatzen 
(pribatutasuna urratu, erabiltzaileak produktu bihurtu...) eta AA itxi 
horiek kontrolatzen dituzten enpresentzat euskara ez da merkatu 
interesgarria. Baztertu egiten gaituzte eta erdarara jotzera behartu.

Euskaldunok software librea (Firefox, LibreOffice, WordPress...) 
euskaratu dezakegu, hori da hain zuzen Librezalen auzolanean egiten 
duguna. Gero eta zabalduago dauden AA libreekin (Common Voice, Coqui...) 
berdina gertatzen da. Bultzatu dezagun software librea orokorrean eta 
baita AA libreak ere, gizarte askeago baten alde egiten arituko 
garelako; nahi dutenek euskaraz aritzeko aukera gehiago izango duten 
gizarte bat.

2. Eta zergatik ahotsa grabatu?

Common Voice ekimen internazionalaren barnean, euskaraz ere ahotsak 
grabatzeko ekimenak (*gaitu.eus*) bilatzen duena da euskara uler 
dezaketen AAk euskara ondo ulertzeko behar haina datu izatea da. 
Ikasketa automatikoko algoritmoek datu asko behar dituzte eta jai dugu 
euskarazko datu pila animatuko diren ekimen pribatuen zain geratzen 
bagara. Batu gaitezen euskaldun hiztun ahalik eta gehien eta sor dezagun 
ahots banku orekatu bat, gizon eta emakumeen ahotzak biltzen dituena, 
gazte eta erretiratuenak, azentu desberdinak dituzten pertsonenak, 
euskaldun berri, zahar eta dibertsitate funtzionala dutenenak. Sor 
dezagun kalitatezko grabazio-sorta handi bat, dagoeneko etxean ditugun 
eta bidean diren gailuetan (Cortana, Siri, GPS, telebista, igogailu...) 
erdara erabili ordez euskaldunok euskaraz hitz egiten lagunduko diguna.

3. Zer egiten da gero grabatutako ahots horiekin?

Ahots horiek libreak direnez AA proiektu guztietan erabiltzeko aproposak 
dira, libreak izan ala ez. Mozillak bere hizketaren ezagutzaile librea 
sortuko du eta dagoeneko euskara ulertzen duen Coqui liburutegi librea 
prest dago nahi duenak berarekin produktu eta zerbitzu berriak sortzeko. 
Euskara ulertzen duten bi euskal sistemek Common Voiceko ahots hauek 
baliatzen dituzte euskara gero eta hobetu ulertzeko eta esperokoa da 
Common Voice izaten ari den arrakastari esker oraindik euskaraz 
eskuragarri ez dauden beste gailu eta zerbitzu batzuk ere goizago ala 
beranduago euskara ere ulertzera animatzea.

4. Nola funtzionatzen du grabaketak egiteko prozesuak?

Mikrofonoa duen gailu batekin gaitu.eus webgunera jo eta EMAN ZURE 
AHOTSA sakatu. Ondoren "Hitz egin" botoia sakatu eta banan-banan esaldi 
batzuk aurkezten zaizkizu. Horiek banan-bana ahots goran irakurri behar 
dituzu grabazio txikiak sortuz. Common Voice webgunean grabazio horiek 
automatikoki gordetzen ditu. Oso erraza da!

Zuk grabazioak sortzeaz gain besteenak ere balioztatzea komeni da. 
Horretarako "Entzun" botoia sakatu eta banan-banan grabazio bat entzun 
behar duzu eta BAI edo EZ botoia sakatu, pertsona horrek esaldia ondo 
grabatu duen ala ez esanez.

Aholkutxo batzuk:
   - Egin dituzun grabazioen bikoitza balioztatzea komeni da. 10 
grabazio egiten badituzu beste 20ren grabazioak entzun behar dituzu, 
Common Voice datu-sortaren oreka mantentzen laguntzeko.
   - Grabazioak leku lasai batean egitea komeni da. Lasai, ez da 
isiltasun osoa behar, kontua da AAri zarata asko duten grabazioek ez 
diotela laguntzen.
   - Common Voicen erabiltzailea erregistratzea komeni da, batez ere 
Behin baino gehiagotan sartuko bazara (baina ez da beharrezkoa). 
Kalitate hobeagoko AAk sortzeko lagungarria da grabazioak zein adin 
tarte, genero eta azentuko/zonaldeko pertsonek egin dituzten jakitea.

5. Ahotsak biltzeko Common Voice software librea ari zarete erabiltzen, 
zergatik da hori garrantzitsua?

(hau lehen eta bigarren galderen erantzunetan azalduta legoke)


Gehiago jakiteko:
   - https://gaitu.eus/
   - https://commonvoice.mozilla.org/eu/about
   - https://eu.wikipedia.org/wiki/Common_Voice

====================

Ander, testua gehiagoren artean adosteko denbora gehiago primeran 
etorriko litzaiguke, baina premia duela ikusita, HIRUKArako gure 
erantzuna hauxe izan daiteke.

Agur eta ondo izan,
Txopi.


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago