[Librezale] Common Voice estatistikak

Txopi txopi a bildua ikusimakusi.eus
Iga, Maiatza 2, 20:25:26, CEST 2021


21/5/2 07:21(e)an, Alexander Gabilondo , Librezale-en bidez igorleak
idatzi zuen:
> 21/5/1 20:54(e)an, Txopi , Librezale-en bidez igorleak idatzi zuen:
>> Kaixo:
>>
>> 10 hilabete pasa dira estatistiken berri azkenekoz eman nuenetik, nola
>> pasatzen den denbora! Proiektua lozorroan dagoela esan genezake:
>>    Grabatutako orduak: 131h (+2)
>>    Balioztatutako orduak: 90h (+3)
>>    Hiztun kopurua: 1.037 (+34)
>>
>> Webgunearen URLari "common" gehitu zioten duela hilabete batzuk:
>> https://commonvoice.mozilla.org/eu
>>
> Gurea lozorroan, eta Mozilaren aldetik, ba dakizu aurrerapenik al dagoen
> edo horiek ere lozorroan dute?
> 

Kaixo:

Euskaldunok azken hilabeteotan ez dugu askorik grabatu eta balioztatu,
baina ez gara gelditu. Oso geldika baina aurrera goaz. Kontua da 130
ordu goazela eta kalitatezko TTS motor bat egiteko 10.000 ordu inguru
behar direla. Baina lasai, Mozillak 2.000 ordurekin kalitate egokia duen
transkribatzaile bat egin daitekeela dio. Beraz, grabaketen %6,5 egin dugu.

Kontua da zenbat eta grabaketa gehiago egin, esaldi gehiago behar
direla. 2.000 ordu horientzat 1.800.000 esaldi desberdin behar omen
dira. Guk 61.248 bildu ditugu, beraz esaldien %3,5 dauzkagu.

Zenbaki hauei buruzko informazio gehiago hemen:
https://common-voice.github.io/community-playbook/

Beno, eta zure galderari erantzunez, Mozillak hainbat langile bota behar
izan zituenean (2020-08-13an mezu bat bidali nuen) Common Voiceko
proiektura dedikaturik zeukan pertsonak utzi egin behar izan zuen.
Planifikatuta zeuden beste hobekuntza batzuk ere izoztuta geratu ziren.
Hemen dago Mozillaren abisua Common Voiceko foroan:
https://discourse.mozilla.org/t/mozilla-org-wide-updates-impacts-on-common-voice/65612

Baina egia esan ez dut uste honek aldaketa askorik ekarri duenik. Agian
honezkero Mozilla bera dauden datuekin ereduak sortzen ibiliko zen edo
motorraren zirriborroren bat izango zuen, edo ez, egia esan ez dakit.
Dakidana da azpiegitura guztia martxan mantentzen dutela eta hainbat
hizkuntzatan lanean jarraitzen dutela. Galizierak adibidez aurrerapen
handiak egin ditu azkenaldian (ez gure beste) eta ziur beste hizkuntza
askotan ere lanean dihardutela.

Itzulpen tresnak, balidazio tresnak eta nola ez commonvoice.mozilla.org
webguneak martxan daude eta jendeak erabiltzen ditu. Txatean jendea
dabil galderak egiten, elkarri laguntzen eta abar. Ez da lehen bezala,
baina gauzak aurrera doazela iruditzen zait.

Zailtasun handiena, euskararen kasuan behintzat, esaldiak biltzea eta
grabatzaileak lortzea izaten jarraitzen duela uste dut. Mozilla jo eta
su ibiliko balitz, gu berdintsu egongo ginatekeela uste dut.

Beraz, aurrera egitea besterik ez zaigu geratzen, ez?

Orain albiste ona dela ulertzen dudan eposta bat bidaliko dut honen
harira :-)

Ondo izan,
Txopi.


Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago