[Librezale] Mozilla tailerra Bartzelonan

Julen Ruiz Aizpuru julenx a bildua gmail.com
Ast, Mar 30, 00:23:03, CEST 2017


Kaixo Librezale!

Tira, pasa den asteburuan izan da Bartzelonako tailerra [1], ostiral
iluntzeko ekaitzaren bedeinkazio eta guzti.

Gràciako auzoan geneukan lotarako tokia eta tailerrak Betahaus
auzolandegian [2] izan ziren. Aurreko Parisko tailerrarekin
alderatuta, beste lokalizazio-talde batzuk bildu ginen, esloveniera,
errumaniera, frantsesa, italiera, espainiera, hungariera, bosniera,
mazedoniera edota liguriera tarteko.

Hasteko espektrogramak egin genituen [3], taldeek duten iritzi eta
inpresioei tenperatura neurtzeko. Gero Mozillako lokalizazio-taldeko
gidariek (bide batez, inoiz baino gehiago zeuden, denak alegia, 9
pertsona!) zenbait aurkezpen egin zituzten gauzak egunean jartzeko:

* Matjažek Pontoon-en [4] nobedadeak eta aurrera begirako lana.

Katalanek kritika egin zuten lokalizazioak TMXen deskargatzeko aukera
eskaini beharko lukeela tresnak (eta izatez hori dela beraiek horra ez
mugitzeko arrazoia). Axelek erantzun hori Pontoon ez beste edonon egin
beharko litzatekeela.

* Axelek Firefoxen kanalak nola aldatuko diren hemendik gutxira.

Finean Aurora kanalak ez ditu bete beharko lituzkeen helburuak
betetzen (feedback bizkorra eta arazoak konpontzeko denbora nahikoa
Beta eta Release trenak hartu aurretik), arazoak normalean Betan
topatzen baitira, berandutxo alegia. Hau konpontzeko-edo Dawn
proiektua aipatu zuen: finean Aurora desagertuko da eta Nightly
erabiliko da horren ordez. Lokalizazio aldetik aldaketa nabarmena da,
orain arte Auroran egin izan baita lan. Kode-biltegian ere aldaketa
handiak egingo dira, kate guztiak biltegi bakarrean kontsolidatuz (are
gehiago: en-US biltegi bat ere egongo da).

* Zbigniewk L20Nen porrota eta ikuspegi aldaketa.

Teknikoagoa izan zen hau, nola Quantum proiektuak [5] L20N
teknologiaren integrazioa atzeratu duen, oso garesti irteten baitzen
egungo Gecko motorrean halako aldaketa esanguratsua burutzea. Horren
ordez, L20N bere osotasunean osatuko luketen piezak independenteki
integratuko dituzte Firefox ekosisteman: JavaScript APIak, L20N Rust
kodea eta beste.

Interesgarria nola garai batean l20n.org webgunean [6] aurkezten
zutena Project Fluent-era murriztu dutela [7]. Finean L20Nren bertsio
txikiagoa da, agian potentzia pixka bat gutxiagorekin baina ohiko
arazoei erantzuna emateko moduan. Garbi ez bazegoen, "L10N is hard"
errepikatu zuen, izan ere konpontzeko problema konplexua baita soluzio
bat sortzea, modu bateratu batean lengoaia guztientzat erabilgarria
izango dena.


Hiritik buelta bat eman, Can Culleretes-en indarrak bildu [8] eta
Softcatalàko Jordi eta lagunen xake-lokalean zerbeza batzuk hartuta,
igandean taldekako saioak burutu genituen, lokalizazioen kalitatea eta
estilo-gidak, parte hartzea eta komunitatea gaitzat hartuz. Kolore
guztietako iritzi eta komentarioak, laburpen ia osoa Etherpadean
zintzilikatuta dago [9].


Honetaz guztiaz gain, bi arratsaldeetan talde bakoitzak bereari
ekiteko parada izan zuen. Agindu nuen gisan, Softcatalàko lagunen
itzulpen-memorien soluzioari begira aritu nintzen. Batetik, makina
lokalean martxan jarri nahian eta, bestetik, kodea aztertu eta zein
moldaketa egin behar diren deskubritu nahian.

Alde ona da, SCren webgunean ikus daitekeenez, badabilen tresna bat
dela. Alde txarra ere deskubritu nuen ordea: kodea nahiko ad-hoc egina
dago SCren testuingururako eta aldaketa handi xamar batzuk beharko
lituzke [10] katalana ez beste hizkuntzetara moldatzeko.


Laburbiltze aldera, sentsazio gazi-gozoa utzi zidan enkontruak.
Beharbada aurrekotik oso gertu izan delako (6 hilabete ere ez dira
igaro!), agian aurrekoan helburu oso konkretu batekin nintzelako eta
bete egin nuelako (konsistentzia errepasatu eta iOSeko lokalizazioa
burutzea).

Edonola ere, lanak finituta beste Librezale batekin zerbeza pare bat
hartu eta afaltzeko parada izan nuen. Ez da agur esateko modu
kaxkarra!


Julen.

[1] https://wiki.mozilla.org/L10n:Meetings/2017_Barcelona_Workshop
[2] http://www.betahaus.es/spaces/club-cafe-enjoy-beta-spirit/
[3] https://public.etherpad-mozilla.org/p/Barcelona-l10n-2017 (lehen zatia)
[4] https://pontoon.mozilla.org/
[5] https://wiki.mozilla.org/Quantum
[6] http://l20n.org/
[7] http://projectfluent.io/
[8] http://www.culleretes.com/
[9] https://public.etherpad-mozilla.org/p/Barcelona-l10n-2017 (bigarren zatia)
[10] https://github.com/Softcatala/translation-memory-tools/issues/118


More information about the Librezale mailing list