[Librezale] Antolakuntza arbela

Txopi txopi a bildua ikusimakusi.eus
Ost, Eka 7, 00:16:33, CEST 2017


Kaixo:

Librezalen software librea erabili ohi dugu gure kudeaketarako: Debian,
Mailman, Pootle, WordPress, MediaWiki, Piwik...

Kanpora begira, jendeak zer erabiltzen duen ikusita, Twitter ere
erabiltzen dugu. Itzulpen proiektuekin antzera gertatzen zaigu.
Euskaratzen ditugun proiektu batzuek software librea darabilte
(locamotion, glotpress, translatewiki) eta beste batzuek ez (transifex,
crowdin). Kanpora begira jendeak erabiltzen duenera moldatu gara hein
batean software libre gehiago euskaraz izateko modurik egokiena dela
ulertuta. Hala ere, muga ez idatzi batzuk baditugula ere esango nuke, ez
baitugu WhatsApp talderik sortu, ezta Facebook talderik ere. Mugak
baino, badaezpada, lehentasunak baditugula sumatzen dela esango nuke.

Sakelako telefonoen harira, duela gutxi, nire ustez salbuespen nabarmena
izan zen zerbait egin genuen; gure barne komunikaziorako Telegram talde
bat sortu eta erabili. Nik nahiago izango nuke Jabber kanal bat edo
Signal talde bat erabiliko bagenu, baina hainbatek app horiek
instalatuko ez dituela jakinik, ontzat eman nuen erabakia. Horrek odol
berria ekarri du eta Telegram taldea maiz oso aktibo dabil. Indarrak
metatzen eta emaitzak lortzen lagundu digula esango nuke (adibidez,
AnySoftKeyboard).

Baina Trellorena ez dut ulertzen. Freemium software libretzat hartzen
dugu? Treellok egiten duena hain da garrantzitsua edo premiazkoa edo
ikusgarria beste salbuespen bat egitea merezi duela gure barne
kudeaketan? Atazak kudeatzeko app bat behar dugu eta librea ez bada ez
du inporta? Zalantza gehiago ditut baina Trello, Weka eta horrelakoak
ezagutzen ez ditudanez galduta nabil eta ez dut gehiago esango. Jendeak
bota dezala uste duena eta eman diezadala egurra ea begiak irekitzea
lortzen dudan :-)

Bitartean ezjakin honek, gure wiki libre eta autokudeatuko orrialde xume
batekin konpon gaitezkeela pentsatzen dut. Nire uste apalean, GAKOA
gutako bakoitzak erantzukizun bat edo beste hartzea da eta hori egiteko
tarteak bilatzea. Tresnek lagun bagaitzakete, ongi etorriak noski, baina
taldearen nortasunarekin kontraesanik sortzen ez badute. Librezalen
Trello behar dugu? Hobe da erabiltzea ez erabiltzea baino? Norbaitek
azal diezadala mesedez, agian gaizki ulertzen ari naiz eta.

OHARRA: ez nuke inor moztu nahi mezu honekin, benetan diot. Baina
bakoitza garen modukoak gara eta nahiko nuke ulertzea ere, nik ez dudala
zerbitzu batean izena ematen, kontraesanak sortzen badizkit. Librezale
ez da nik uste dudana? Taliban bat baiz? Atazena probatzearren zen eta
erabil dezagun buelta gehiago eman gabe? Bota lasai, uste duzuena...

Eskerrik asko,
Txopi.


More information about the Librezale mailing list