[Librezale] Mugikorrerako Ubuntu
Ibai Oihanguren Sala
ibai a bildua oihanguren.com
As, Uzt 22, 00:25:17, CEST 2014
Gabon,
azkenean ahaztu egin zitzaidan mugikorrerako Ubunturen itzulpenari
buruzko mezua bidaltzea.
Aurreko mezuan esan bezala, orain egun batzuk Ubunturen itzulpenen
koordinatzaile David Planellak idatzi zidan, urte amaieran Ubuntudun
gailu batzuk irtengo direla eta euskarazko itzulpena abuztua baino lehen
prest egon daitekeen galdetzeko. Ubunturen euskarazko bertsioaren
kudeatzailea berez Oier Mees da (zerrenda honetara idatzi izan du),
baina orain kanpoan dagoenez eta hasieran ez zionez erantzun, azkenean
niri idatzi zidan Davidek.
Itzultzeko kateak ez ziren asko, eta ia bukatu dut itzulpena. Baina
norbaitek astia badu ondo legoke itzulpenak probatzea (Ubuntu Emulator
erabil daiteke horretarako, edo zuzenean Launchpad-en errepasatu; gero
azalduko dut hori). Aste honetan berriro idatziko dit Davidek, itzulpena
errepasatuta eta ondo dagoen galdetzeko. Eta dena ondo badago, Ubunturen
gailu berri horiek euskaraz erabili ahalko dira.
*Terminologia
*Honez gain, Ubunturen Unity interfazeko terminologia errepasatzen aritu
naiz, eta bere garaian Oier eta biok (agian Librezalen ere galdetuta, ez
dut oroitzen) hartutako erabaki batekin ez nago oso ados. Bere garaian
ere besterik ez zitzaigulako bururatu hartu genuen erabakia:
Dash deitzen zaio Ubuntun aplikazioak, eta oro har denetik bilatzeko
"panel" edo leihoari. Guk erabaki genuen "Abio-leiho" gisa itzultzea,
baina Dash-ak izan duen eboluzioa ikusita, eta kontuan hartuta Dash hori
oker ez banago Dashboard-etik datorrela, uste dut "Aginte-panel" gisa
itzultzea egokiagoa dela. Hori da Euskalterm-en azaltzen dena
Dashboard-entzako. Zer diozue?
Bestalde, Dash-ean beste bi kontzeptu azaltzen dira: Lens eta Scope.
Zuzen ari banaiz, Lens bat Dash-eko fitxa bat da (bideoak, aplikazioak,
musika,...), eta beste hizkuntzetan bezala, guk ere zuzenean itzuli
genuen: Leiarra.
Scope orain arte ez dut ikusi, baina leiarretarako informazio-iturriak
dira. Egin ditudan bi itzulpenetan "Eremu" gisa itzuli ditut... Besterik
bururatzen bazaizue, mesedez esan.
Bestela, FirefoxOSko terminologia erabiltzen saiatu naiz (tap -> sakatu,
swipe -> hatza pasatu,...).
*Nola errepasatu, eta emulatzailea*
Euskaraz itzultzeke dauden kateak hemen azaltzen dira:
http://projects.davidplanella.org/stats/utopic/eu
Baina egunean behin soilik eguneratzen denez orria, baliteke hor
azaltzen direnak dagoeneko itzulita egotea.
Itzulitakoak errepasatzeko, zoritxarrez ez dago horrelako zerrendarik,
baina hau da egin daitekeena: itzulpenik ez duen hizkuntza bateko orrira
joan, adb.: http://projects.davidplanella.org/stats/utopic/zun
Eta aplikazio bakoitzera sartu ondoren, orriaren helbidean "zun" ordez
"eu" jarri.
Emulatzailea probatzeko, hemen daude instalatzeko jarraibideak:
http://davidplanella.org/ubuntu-emulator-quickstart-guide/
Nire ordenagailuetan ez dabil oso ondo, baina tira, zerbait ikusteko
behintzat balio du.
Sentitzen dut horren mezu luzea idatzi izana!
Eskerrik asko!
Ibai.
-------------- next part --------------
An HTML attachment was scrubbed...
URL: <http://librezale.org/pipermail/librezale/attachments/20140722/03e91d50/attachment-0001.html>
Librezale posta zerrendari buruzko
informazio gehiago