[Librezale] Mozilla Summit 2013
Julen Ruiz Aizpuru
julenx a bildua gmail.com
As, Urr 8, 12:07:04, CEST 2013
Kaixo Librezale,
Open hitza mainstream bihurtu da. Hala aipatu zuen Mitchel Baker-ek
2013ko Summitari hasiera eman zion hitzaldian. Hiru hiri (Brusela,
Toronto, Santa Clara), ia bi mila mozillian (mozillazale) elkarrekin
bilduta hiru egunez.
Helburua Mozillako langileak eta komunitatea batzea izan da, nondik
gatozen eta non gauden errepasatzearekin batera elkarrekin
erabakitzeko etorkizunari begira jorratu beharreko bidea.
Keynote edo saio nagusietan errepasatu dira egungo proiekturik
esanguratsuenak: produktu nagusiak ez ezik (Firefox OS, Firefox),
webaren inguruan martxan dabilen guztia (pribatutasuna, zerbitzuak,
Webmaker, Open Badges), hala nola hezkuntza teknologikoa (Appmaker)
eta baloreen transmisioa (WebFWD).
Gure hizkuntzaren interes eta kezketara salto eginez, agerian geratu
da gailu mugikorrek lokalizazioaren arloan ezartzen dituzten mugak
gainditzeko dagoen beharra. Mozillaren konpromisoaren hitza hor dago,
emaitzak falta dira baina.
Androiden kasuan esate baterako, dirudienez `apk` fitxategien tamaina
ez omen da arazo gaur egun. Ordea, telefono/tabletek gure hizkuntzaren
euskarri natiboa ez izatea oztopo gaindiezina da. Googlek mugitu behar
du fitxa hemen, beraz, euskara erabilgarri jarriz Play Storean eta
Android gailuetan.
Firefox OSi dagokionez, egoera idealera begira dabiltza lanean, hau
da, zeinahi telefonok nahi duen hizkuntza-paketea ezartzeko aukera
izatea. Interfazearen hizkuntza ez ezik, nabigazio-hizkuntzaren
gaineko kezka ere azaldu da: bereizi beharra daude ingurune
mugikorretan?
Edonola ere jarraitu nahi den estrategiak hizkuntzen `fallback` edo
hobespen-zerrenda bat hartu nahi du kontuan: emaidazu edukia hizkuntza
honetan eta, erabilgarri ez badago, beste honetan, bestela beste
hartan etab.
Mugikorretatik mahaigain beteranora etorriz, saiatu gara "zer osatzen
du Firefoxen lokalizazio oso bat?" galderari erantzuten. Alegia, web
edukiak (laguntza-zentroa, gehigarrien gunea, osasun-txosten orriak
etab.), produktuaren zati integral modura konsidera ditzakegu?
Antzerako zerbait planteatu da garapen-tresnekin eta errore-mezuekin.
Itxura batean garatzaileen intentzioa da garapen-tresnak Firefoxen
*kodetik* bereiztea eta aukerazko elementu modura hartzea (gaur egun
ere ez da derrigorrezkoa hauek lokalizatzea). Merezi du zenbait
hizkuntzatan ingelesa ez den `fallback` hizkuntzak ezartzea? Adibide
gisa, nabigatzailearen interfazea euskaraz izan eta garapen-tresnak
frantsesez/espainolez izatea izango litzake.
Lokalizazioen kalitatearen inguruko eztabaidak ere egon dira: nola
ziurtatu produktuen artean terminoen erabilpen konsistentea egiten
dela? Galdera apur bat aldrebesa izan daiteke ulertzeko talde
txikientzat, baina kontua da lokalizazio-talde handietan produktu
bakoitzak arduradun desberdin bat duela eta lan hori koordinatu
beharra dagoela.
Estiloari begira estilo-gidak izateko/erabiltzeko deia egiteaz aparte,
ideia batekin geratu naiz: gehien errepikatzen diren
estilo-ezaugarriak edo akatsak *labur-labur* zerrendatzea orri
bakarrean. Horrela, pertsona berriek ekarpenak egin nahiko balituzte,
kontuan hartu beharreko puntuen erreferentzia bat izango lukete eta
azkar hasteko modua izango litzateke. Xehetasunetarako estilo-liburu
osora jo daiteke.
Honetaz guztiaz aparte, Summitak bestelako eduki teknikoak ere izan
ditu: nola errekonozitu komunitatean eginiko lana unibertsitate
mailan, nola eraiki komunitatea milioi bat mozillian izateko,
produktuen tripen inguruko saioak (DRMa, aplikazio-kudeatzailea,
`multiprocess`
nabigatzailea...), laborategietako produktuak (Shumway, TogetherJS, 3D
jokuak nabigatzailean...) etabar luze bat.
Baina noski, Summita gehienbat hortik kanpo bizi daitekeena da:
pertsonak, garagardoak eta ordu txikitara arte luzatzen diren
hizketaldiak. Eta lo gutxi egitea eta bueltakoan neka-neka eginda
egotea, aurrera begira jorratu nahi direnen zakua ondo beteta, hori
bai.
Bukatzeko, nahi duenarentzat oparitzeko dauzkat
- Firefox OSeko kamiseta bat,
- portatila/bestelakoak eramateko poltsa bat.
Nahi duenak, eska dezala beldurrik gabe.
Ondo izan!
Julen.
Librezale posta zerrendari buruzko
informazio gehiago