[Librezale] Aplikazio baten lokalizazioa

Julen Ruiz Aizpuru julenx a bildua gmail.com
Ast, Api 25, 20:21:26, CEST 2013


og., 2013.eko apiren 25a 10:28(e)an, Maddi Agiriano Etxabe(e)k idatzi zuen:
> Kaixo,
>
> Mila esker, berriro, horren azkar erantzuteagatik eta emandako azalpen
> guztiengatik. Azaldu didazuenaren arabera, Firefox Marketplace proiektu
> interesgarria litzateke, eta horretan saiatu nahiko nuke, agian. Ikusi
> dut Julen, zeu zarela Mozilla Firefox-en lokalizazioaren arduraduna.
> Beraz, horretan sakondu nahiko nuke, egoki ikusten baduzu. Asko
> eskertuko dizut laguntza.

Primeran!

Galdera-erantzunekin saiatuko naiz jarraitu beharreko prozesua azaltzen.

Hasteko, hauek dira lokalizatzeko dauzkazun aukerak:

1. Online, Mozillako Pootle zerbitzariko web interfazea erabiliz: 
https://localize.mozilla.org/

2. Offline, fitxategiak deskargatu eta zure gustuko editorearekin lan 
eginez (OmegaT, Virtaal, PoEdit, Gtranslator, Lokalize...).


- Nondik eskuratu fitxategiak? Nola entregatu lana?

1. aukera

Jatorrizko fitxategiak Mozillaren zerbitzari batean daude:
https://svn.mozilla.org/addons/trunk/site/app/locale/eu/

Bertatik PO formatuko fitxategiak eskuratzeko modu zuzena dago. Baina, 
ezingo dituzu fitxategiak igo bide horretatik, Mozillak emandako baimen 
berezia behar baita.

Nik edo Ibaik igo ditzakegu fitxategiak horra, baina ez da praktikoa 
gure bitartez pasa beharra.


2. aukera

Fitxategiak Pootle bidez kudeatzea. Horretarako erabiltzaile-kontu bat 
sortu beharko zenuke eta itzulpen-proiektuan baimen guztiak emango 
nizkizuke. Modu horretan Pootle-tik itzulpen-fitxategiak deskargatu eta 
igo ditzakezu.

Fitxategiak Pootle-ra igo ondoren, Mozillari esan behar zaio: 'ondo da, 
aurreratu dut lana, orain erabil ezazue!', eta horretarako botoi bat 
sakatu behar da web interfazetik.
(Botoi hori sakatzean, 1. aukeran aipatzen nuen zerbitzarira bidaliko 
dira itzulpenak)


- Bale, eta nola ikus dezaket lana ondo dagoen? Nola proba dezaket?

Aldian-aldian automatikoki eguneratzen den zerbitzari bat prestatuta 
daukate Mozillako lagunek gauza hauetarako:
https://marketplace-dev.allizom.org/

Nabigatzailea euskaraz konfiguratuta badaukazu, zuzenean euskaraz 
agertuko da, bestela behean eskuinean daukazu hizkuntza aukeratzeko 
kontrola.

Kontuan izan zure aldaketak hor ager daitezen aurretik bidali egin behar 
dituzula aurreko puntuan aipatutako metodoa erabiliz.


- Nola jakin zer itzuli?

Marketplace itzultzeko beharrezko fitxategiei dagokienez, aldrebeskeria 
bat kontuan hartu beharra dago: AMO (addons.mozilla.org) eta Marketplace 
guneek azpitik darabilten katxarreria partekatzen dutenez, itzulpenerako 
kateak nahastuta daude.
(Hau tamalgarria da eta jende askok eskatu du hau konpontzea, baina 
tamalez ez da berehalakoa. Dena den etorkizunean aldatuko duten zerbait da)

Orduan, nola jakin zer itzuli behar den? PO fitxategietako entitate edo 
itzulpen-unitate bakoitzak iruzkinak dauzka, eta iruzkinetan 'market' 
edo 'mkt' agerpenekin bat datorren edozer Marketplace-ri dagokio. Zure 
editoreak laguntza hori eskaini behar dizu eta ez badakizu nola egiten 
den, galdetu lasai.

Bestalde, komeni da zenbait kateri lehentasun handiagoa ematea: hobe 
sarri erabiltzen diren eta bistan dauden kateak itzultzea lehenik eta 
garatzaileentzako soilik diren kateak alboratzea, adibidez.


- Fitxategiak eguneratzen dira? Nola?

Bai. Mozillaren web garapeneko taldean egunero daude lanean eta kate 
berriak gehitu ahala itzulpen-fitxategiak ere eguneratu egiten dituzte. 
Normalean prozesu hau astean behin egiten da eta Pootle zerbitzariko 
fitxategiak egunean ipintzen dituzte.

Honek ze esan nahi du? Offline lan eginez gero komeni dela 
tarteka-tarteka fitxategia igo eta Mozillako zerbitzarietara bidaltzea.


- Estiloaren inguruan

Orain arte Mozillako webguneen lokalizazioak "nahiko" homogeneoak izan 
dira batez ere Ibai eta biok bakarrik aritu izan garelako. Edozein 
kasutan Librezaleko estilo-liburuan zehaztutakoak jarraitzen saiatzen 
gara: http://librezale.org/wiki/Estilo-liburua

Lokalizazioaren munduan terminoak kontsultatzeko baliabide ezinbestekoak 
dira, bestalde:
* Open-Tran: http://eu.open-tran.eu/ (azkenaldian nahiko gaizki dabil 
konektibitate aldetik)
* Microsoft Language Portal: 
https://www.microsoft.com/Language/en-US/Search.aspx?langID=eu-es



Beste inor ez dabil honetan lanean, beraz lan egiteko modua zure gustura 
molda dezakezu.

Eta bueno, galderen zain geratzen naiz, ze ziur izango dituzula. 
Gainera, ez dakit kontu teknikoekin nola moldatzen zaren, ez eta 
graduondokoan ze eduki landu dituzuen eta zer zaizun ezagun, zer arrotz, 
beraz barkatu azalpenekin asmatu ez badut.

Julen.



Librezale posta zerrendari buruzko informazio gehiago