youtube-dl, EITB Nahieran zerbitzutik bideoak deskargatzeko aplikazioa

Aplikazio txiki horren izenak dioen bezala, youtube-dl bideoak Youtubetik deskargatzeko erabiltzen da batik bat, baina EITBren Nahieran zerbitzuko bideoak deskargatzeko ere baliagarria da.

EITB Nahieran 2011n aurkeztu zuten Interneten streaming bidez ikusteko telebista modura. Hasieratik erabiltzaileen partetik izan zuen kexetako bat bideoak ezin deskargatu izatea zen. Duela egun batzuk JosebaG kideak youtube-dl erabil zitekeela aipatu zuen Librezaleren foroan, eta hura nola erabili azaldu zuen. Orain hona ekarri dugu azalpen horren laburpen bat.

Lehenik eta behin, youtube-dl instalatu behar da.

  • GNU/Linux sistemetan aski erraza da: sudo apt-get install youtube-dl edo sudo yum install youtube-dl idatzi terminal batean eta zuzenean instalatuko da. Hain “ausartak” ez direnek softwarea instalatzeko erabiltzen duten beste edozein modu erabil dezakete.
  • Windows sistemetan urrats pare bat gehiago eman behar da. Joan youtube-dl-ren webgunera, sartu Download atalera, deskargatu Windows.exe fitxategia ordenagailura, eta utziĀ exe fitxategi hori gero gogoratuko duzuen toki batean. Zuzenean exekutatzen da aplikazioa, ez da instalatzen. Hala ere, kontuan izan behar da aplikazioa exekutatzeko, aplikazioa utzi duzuen direktoriora joan beharko duzuela komando-lerrotik.

Honako urratsak eman behar dira Nahieran-etik bideoak deskargatzeko:

  1. Joan EITB Nahieran webgunera (http://www.eitb.tv/eu/)
  2. Bilatu deskargatu nahi den bideoa, adibidez Tribuaren Berbak saioaren azken atala, eta hasi ikusten.
  3. Bideoa martxan dagoenean, nabigatzailearen helbide-barran haren helbidea ikusiko dugu. Guk aukeratutako saioaren kasuan honako hau da:
    • http://www.eitb.tv/eu/bideoa/tribuaren-berbak/2832983980001/3229386089001/euskatala/
  4. Ireki komando-lerroko terminal bat, Windowsen bazaudete joan aplikazioa utzi duzuen direktoriora, eta idatzi:
    • youtube-dl http://www.eitb.tv/eu/bideoa/tribuaren-berbak/2832983980001/3229386089001/euskatala/
  5. Eta kitto, bideoa deskargatzen hasiko da momentu horretan kokatuta gauden direktorioan.

Hurrengo bideoan erabileraren adibide bat erakusten da.


youtube-dl erabiliz bideoak EITB Nahieran zerbitzutik deskargatzea from assar on Vimeo.

Asier Sarasua Garmendia.

9 iruzkin

Utzi erantzuna Nax(r)i

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>