Netrunner 13.06 Enigma

“Out of the box” (erabiltzeko prest) izan nahi duen GNU/Linux banaketa. Uztailaren 5ean sareratu zuten banaketa hau. Beraien helburu nagusia zure ordenagailuaren erabilera “azkar, elegante eta sendoa” senti dezazun da. (Our main goal is to make the desktop feel snappy, sharp and robust.)

KR1306pa1

Netrunner 13.06

Zer egin dute horretarako?

Kubuntu hartu dute oinarri, beraz Ubuntuk dituen hardware antzemateak, biltegi itzelak (+ ppak) eta segurtasun-eguneratzeak zure esku. Hori bai, KDE 4.10.5 mahaigaina du oinarri, Kubuntu esan baitugu. Kubuntu honi itxura aldatzeaz gain (ez diot garrantziarik ematen itxurari, hori KDEn oso erraz egokitzen ahal duelako erabiltzaileak bere nahietara, sistema erabat pertsonalizatuz) normalean beti egiten ditugun aparteko instalazioak berez dakar banaketa honek: multimedia-kodekak, Firefoxerako pluginak, Flash, Java… “erabiltzeko prest” kontzeptuaren lehen oinarria hori da, aparteko gauza guzti horiek instalaturik dakartzala.

KR1306pa7

Firefox gehigarriekin dator

Instalazioa

Kubunturen instalatzailea du, honela, lehen momentutik EUSKARA aukera dezakegu eta instalazio-prozesua ere euskaraz egin. Kubuntuko instalatzailearen inguruko informazio asko duzue sarean eta ez dut sakonduko. Instalatzaile grafiko, atsegin eta erraza dela adieraztea besterik ez. Honez gain, KDE eta Kubuntu beraien erara moldatu dute, aplikazio-zerrenda aldatuz, sistemako ezarpenen menua sinplifikatuz, abiarazle nagusia aldatuz… Nire iritzian Windows aplikazioak exekutatzeko erraztasunak jarri eta Windows mundutik datorren erabiltzaileari bidea errazteko saiakera bat egin dute: abiarazle horrekin, Windows itxurak eskuragarri jarriz ezarpenetan eta bi aplikazio esanguratsu instalaturik: Wine eta Virtualbox (abiarazle nagusian daude!). Baina hauek ez dira berezitasun bakarrak.

Mahaigaina

KR1306pa2Bost abiarazle dakartza:

  • Nire ordenagailua: abiarazle kurioso bat baina ez oso praktikoa nire iritzian.
  • Sarea: Sarean lan egiten dugunontzat aproposa.
  • Runner-id zerbitzura sarrera, web kontuak atalean azalduko dut.
  • Web kontuak, web kontuetan alta emateko, gero azalduko dut.
  • Steam instalatzailea. Steam joko plataforma instalatzeko erraztasuna. Zergatik hainbeste protagonismo? Steam zer den dakienak instalatuko du eta ez dakienarentzat hor egotea…

Panela

Ezkerraldean aipatutako aplikazio abiarazle bereziaz gain, Krunner (bere ahalmen guztiengatik definigaitza den KDEko komando-exekutatzailea), Dolphin (fitxategi-kudeatzailea) eta Firefox ditugu eskura. Eskuinaldean ohiko KDEko sare, soinu, ordulari, jakinarazpen-area, gailu-kudeatzailea eta abarrak ditugu. Hemen Yakuake terminal berezia gehitu dute. Ez nuen ezagutzen eta benetan sorpresa atsegina izan da. Probatzera animatzen zaituztet.

KR1306pa6

Yakuake + Wine aplikazio bat + Dolphin + nabigatzailea 2. pantailan

Aplikazioak

Aplikazio-zerrenda osoa ez dut egingo, asko baitira dakartzanak baina deigarri egin zaidana aipatuko dut. Erabiltzeko prest izatearen bigarren oinarria hau baita, ia dena jadanik instalatua duzula.

Grafikoak

KDEko ohikoak dakartza eta aparte Gimp ere instalaturik dakar. Kuriosoa Krita, Karbon eta Gimp baina ez Inkscape. Skanlite dakar eskaner tresna gisa, nire ustetan Simplescan askoz hobea den arren. Baina horretarako ditugu biltegiak ezta?

Internet

Hemen tutti-fruti arraroa egin dute. Kontact aplikazio osoa instalatua dago baina bi osagai bakarrik gaiturik: egutegia eta kontaktuak. Ezarpenetara joan eta besteak gaitzea oso erraza da baina zergatik ezkutatu dituzte hain tresna interesgarriak? GNU/Linux munduan dagoen informazio pertsonal kudeatzaile ahaltsuena zergatik erdizka erabili? Kmail ezkutatu eta Thunderbird jarri dute posta-bezero lehenetsi bezala. Gaur egun nire posta bezeroa Thunderbird da, egonkorragoa, asko maite dut, baina gero ikusiko dugun web kontuekin gertatzen dena ikusirik ez dut uste asmatu dutenik. Kfilebox (Dropbox kudeatzailea) eta Skype instalatuak dakartza. Konversation (IRC) eta Telepathy (mezularia) izanda, ez dakit zergatik dakarren Pidgin. Filezilla (FTP) eta Qtrasmission (Torrent) ere badakartza.

Multimedia

Hemen ere ez da atzera gelditzen erabat hornitua bait dator: K3b grabatzailea, VLC, Tomahawk eta Qmmp musika entzuteko, Kdenlive bideo editorea, Winff bideo-bihurgailua…

Jokoak

Steam instalatzaileaz gain, Dosbox emulatzailea instalatua dakar eta baita beste hamaika joko.

Firefox Marketplace

Aplikazio abiarazlean aplikazio-biltegi honetarako sarrera dugu eta bertatik zerbait instalatuz gero aplikazioen abiarazleko menu berri bat irekiko zaigu: “galdu eta aurkitutakoak”, izena ez da oso aproposa baina aplikazio-biltegi bat gehiago.

KR1306pa3

Firefox Marketplace

web-apps

Cut the rope, Duck hunt, Dropbox, Facebook, Twitter eta Googleko web zerbitzu guztiei sarrera. Hauek aukeratzean web horretarako leihoa irekitzen da menurik gabe, aplikazio bat izango balira bezala. Nik ez diot honi erabilgarritasun asko ikusten, gainera jadanik Firefox irekia baduzu fitxa berri bat besterik ez du irekitzen…

Tresnak eta sistema

Atal hauetan ugari dira dakartzanak eta hobe irudi pare batekin zerrendatzea: KR1306pa9KR1306pa8 Ezarpenetan sistema-ezarpenez gain, Java, kontrolatzaile pribatiboak instalatzeko erraztasuna eta Windows WiFi kontrolatzaileak instalatzeko laguntzailea dakar. Ezkutatua dagoen arren (Krunner bidez erabili dut), pantaila anitzen kudeatzailea Kscreen ere jarria dauka. Honek badirudi disko gogorra beteko duela baina 7,5GB inguru da guzti honek eskatzen duena. Gaur egun ez da hainbeste.

Web kontuak

Lau dira sisteman integratzeko eskaintzen diren zerbitzuak: Google (egutegia, txata, kontaktuak, posta eta zereginak bakoitza aparte aukeragarri), Facebook (nik ez dut), ownCloud eta Runners-ID

KR1306pa10

Google-ekoa probatzean, Google-eko datuak Kontact aplikazio guztiarekin sinkronizatzen du, baina Thunderbird ez. Kontact osoa egon arren, ez dago gaitua eta posta bezeroa ez al zen Thunderbird? Puntu honi horrelako garrantzia eman ondoren, hobeto ez lotzea pena da. ownCloud edozein zerbitzaritan instala daitekeen cloud zerbitzu librea da. Bezeroak plataforma guztietarako daude eta etorkizun handikoa da. Zure datuak (dokumentuak, musika, egutegia, kontaktuak, estekak, galeria…) edonon. Runners-ID banaketa honek dohain eskaintzen dizun 2GB cloud zerbitzua da. ownCloud bat jarri dute banaketa honetako garatzaileek eta bertan 2GB eskaintzen dizute erabil dezazun. Honez gain, Android aplikazio bat atera dute, honela, Runners-ID-ra musika igoz gero, zure Android aparatuan entzuteko: Superampify aplikazioa Google Play-tik jaitsi dezakezu.

3 iruzkin

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>