Buber Sariak 2012. Eman diguten sariari uko egiten diogu

Buber Sarien logoaInternet&Euskadi elkarteak antolatzen dituen Buber Sarietako bat eman digutela jakin dugu. Sari horri uko egiten diogu eta gure erabakia ulertua izan dadin, gertatutakoa azaldu nahi dugu:

  1. Buber Sarietan hautagai izateko, aurkeztu beharra dago. Internet&Euskadik jarritako araudiaren arabera, Microsoft DOC jakin bat bete beharra dago eta ezarritako epe batean helbide zehatz batera igorri.
  2. Ez ginen aurkeztu. Ez genuen araudian eskatzen den ezer egin.
  3. Antza denez, hautagaiak bozkatzeko aukera egon zen eta ondoren epaimahaikideek hautaketa ere egin zuten.
  4. Guk sari horietarako hautagaiak ginenik jakin gabe jarraitzen genuen eta are gutxiago finalista bezala hautatuak izan ginenik.
  5. Gure harridurarako, sariak banatu baino bi egun lehenago sarietako batean finalistak ginela esaten zuen e-posta bat jaso genuen. Antolatzaileek erakundearen izenean joango ziren pertsonak baieztatzea eskatzen zuten. Baita irabazle ateratzekotan saria jasoko zuen pertsonaren izena, kargua eta telefonoa. Hori guztia astearte arratsalde batean, bi arratsalde beranduago Bilbon burutuko zuten ekitaldi baterako.
  6. Ez genuen erantzun. Ez genien joaterik geneukan ala ez esan eta eskatzen zizkiguten datuak ere ez genituen bidali. Alderantziz, beste arrazoi batzuen artean seriotasun falta nabarmena zela eta, gure hautagaitzari uko egitea edo ez, irabazle suertatzekotan, sariari uko egin edo ez pentsatzen hasi ginen. Baina hain ordu gutxi izanik, gurea bezalako talde ireki eta horizontal batean, erabaki bat adosteko betarik ez genuen izan.
  7. Sarietara ez aurkeztu arren, gure alde bozkatu ez arren eta eskatzen ziguten ezertxo ere ez egin arren “Software librea ondoen sustatzen duen weba” sariaren irabazleak atera ginen.
  8. Sari horretara benetan aurkeztu ziren beste batzuk alboratuak izan zirela ulertzen dugu.
  9. Ekitaldia burutu zenetik bi aste igaro dira eta oraindik inork ez digu irabazle izan ginenik jakinarazi.

Gure uste apalean, sari hauek ez dira gutxieneko sinesgarritasun batekin antolatu, erabaki eta banatu. Ulergarria denez, Internet&Euskadik arauak dauden bezala mantentzen dituen bitartean behintzat, sariak aurkeztu direnen artean banatu behar zirela defendatzen dugu edo dagokion atala, irabazlerik gabe utzi. Gainera, aurkeztu ere ez direnak irabazle ateratzearena lehen aldia ez dela entzun dugu eta horrek ere asko arduratzen gaitu. Urte bakoitzean Buber Sarietara irabazteko ilusioz aurkeztu direnek, hautaketa zintzoa merezi dutela uste dugu.

Bestalde, adierazpen hau egiten ari garen honetan, larriak iruditzen zaizkigun beste bi gai aipatu nahi ditugu. Alde batetik, sarien babesle bat (EITB) sarietako baten irabazle izana (“Proiektu solidarioa” hain zuzen). Egoera hau nola edo hala saihestu behar zen zerbait iruditzen zaigu.

Beste aldetik, Internet&Euskadiko webguneak euskaldunak zokoratu egiten dituela salatu nahi dugu. Euskal erakunde batek, gutxienez, euskarari erdarari ematen dion bezainbesteko garrantzia eman behar diola uste dugu; herritarrei begira burututako jardueretan behintzat, inolako zalantzarik gabe. Are gehiago Internet&Euskadik berak bere helburuetako bat “IKTetan euskararen erabilera sustatzea” dela dioenean eta bere baloreetako bat “Interneten euskararen erabilera sustatzea eta defendatzea” dela dioenean. Buber Sarien banatze-jaia horrelako handitasunez antolatzen duen bitartean (gala moduko zeremonia bat egin zen, hainbat musikari eta pintxo barne), onartezina iruditzen zaigu Internet&Euskadik oraindik bere webgunea euskaraz ez izatea.

Sari horien inguruan adierazpen hauek egin arren, Librezaleko partaideok argi utzi nahi dugu ez gaudela Buber Sari batzuen aurka, ezta euskal esparruan teknologia berriak sustatzeko sarien aurka ere; gutxiengo kalitate bat betetzen duten bitartean ez behintzat.

Erabaki hau erantzukizunez hartu dugu eta gure arrazoien sakontasuna ulertuko denaren esperantzarekin agurtzen gara. Adierazpen hau Internet&Euskadi elkartera ere bidali dugu jakinean egon daitezen.

Eskerrik asko eta goraintziak aurtengo Buber Sarietan ibili zaretenoi (antolatzaileak, epaimahaikideak, sari banatzaileak, sarituak eta sarituak izan ez zaretenoi), batzuk ezagunak eta lagunak bait zaituztegu. Horrek erabaki hau hartzea asko zaildu digu, baina, hala ere, mezu hau gizarteratzea zuzenena zela iruditzen zaigula ulertuko duzuelakoan gaude.

Agurrak guztioi,

Librezale taldeko asanblada.

Utzi erantzuna

XHTML: Etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>