Kaixo,

Profesionala hitzak ordainpeko esan nahi du, eta maiz kalitate bermearen sinonimotzat hartzen da ere.

Ondo dakigu guk bolondres egindako lanen artean maitasun handiz egindakoak daudela baina baita mokordo galantak, eta itzulpen profesionalen artean eredugarri diren lanak daudela baina baita soilik kunplitzeko egindako begiak ateratzeko moduko abominazioak ere.

Lan komunitarioak, dituen desabantaila guztiekin badu abantaila eder bat, erraza edo gutxienez posible izaten da parte hartzea txarto dagoena konpontzeko gogoa duenarentzat, eskuz esku doaz proiektuak.

Android AOSP edo LG etxearen itzulpen profesionaletan egunero sufritzen ditudan akatsak konpontzeko ordea, zer egin dezaket?

Orain hilabete pare bat Cyanogenmod proiektuaren itzultzaile alemanak kexuka hasi ziren beraien iritziz kalitate txarreko itzulpenak agertzen hasiak zirelako proiektuan aurretik ezezaguna zen erabiltzaile batek onartuta. Erabiltzaile hori Cyanogen OS itzultzeko kontratatutako profesional bat zela azaldu zitzaien.

Atzo CyanogenMod proiektuan zuzentzaile baimena dugun erabiltzaile ugarik mezu harrigarri bat jaso genuen, hainbat hizkuntzen itzulpenaren kalitea bermatzeari begira itzultzaile profesionalak kontratatu zirela, eta talkak ekiditeko bolondresoi zuzentzaile baimena kenduko zitzaigula, itzultzaile soilera pasatuz.

Ahoa bete hortz geratu nintzen, alde batetik Euskara hizkuntza garrantzitsuen zerrendan ikusteak poza sortu zidan, baina bestetik Google etxearen itzulpenetan aspalditik konpondu gabe dauden akats nabarmenak ikusita eszeptizismoa eta inpotentzia.

Ezer esan aurretik zer egin ondo pentsatu nahi nuen, gaur zuen iritzia galdetzeko asmoa nuen, baina mezu ugari jaso omen zituzten atzo bertan eta gauerdirako erabakia atzera bota dute, Itzultzaile bolondresek egindako lanari mespretxua egitea ez zela beraien asmoa eta baimenak momentuz bere horretan geratuko direla zer egin pentsatu bitartean.

Uste dut opera baten lehen aktoa besterik ez dugula ikusi.

Osoitz