Mozilla Manifestua Sarrera Internet gure bizitzen zati geroz eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da. Mozilla proiektua pertsonen komunitate globala da, irekitasuna, berrikuntza eta aukera berdintasuna Interneten osasunarentzat gakoak direla sinisten duena. 1998az geroztik elkarrekin egin dugu lan Internet guztion onurarako garatzen dela bermatzeko. Batez ere, Mozilla Firefox web nabigatzailea sortzeagatik gara ezagunak. Mozilla proiektuak Komunitatean oinarritutako metodoa erabiltzen du mundu mailako iturburu irekiko softwarea sortu eta elkarlan-jarduera mota berriak garatzeko. Internet-esperientzia guztiontzat hobea egiteko konpromisoa duten pertsonez osatutako komunitateak sortzen ditugu. Esfortzu horien ondorioz, funtsezkoak printzipio batzuk garatu ditugu. Gure ustez, funtsezkoak dira Internet onura publikoaren zein bizitzaren aspektu komertzialen mesederako izaten jarraitzeko. Printzipio horiek beherago zerrendatu ditugu. Manifestu honen helburuak ondorengoak dira: Mozillako parte-hartzaileek Mozilla Fundazioak jarraitzea nahi duten Interneten ikuspegia zehaztea; Jendearekin komunikatu ahal izatea, jakintza teknikoa izan edo ez; Mozillako laguntzaileak egiten ari garenaz harro egotea lortzea eta horrek jarraitzera motiba gaitzan; eta Abiapuntu bat zehaztea beste batzuek Interneten ikuspegi hau garatzen jarrai dezaten. Printzipio horiek ez dira berez gauzatuko. Internet irekia eta parte-hartzailea egiteko, ezinbestekoak dira pertsonak; norbanako gisa ekiten, elkarrekin talde-lanean jarduten, eta besteen gidari dabiltzan pertsonak. Mozilla Fundazioak hartua du konpromisoa Mozilla Manifestuan zehaztutako printzipioak aurrera eramateko. Mundu guztiari gonbidapena luzatzen diogu gurekin elkartu eta, modu horretan, Internet oraindik eta toki hobea egiteko denontzat. Printzipioak Internet bizitza modernoaren osagai garrantzitsua da — osagai gakoa hezkuntzan, komunikazioan, elkarlanean, negozioetan, aisialdian eta gizartean oro har. Internet baliabide publiko globala da, eta irekia eta eskuragarria izaten jarraitu behar du. Internetek gizabanakoen bizitzak aberastu beharko lituzke. Gizabanakoen segurtasuna Interneten funtsezkoa da eta ezin da hautazkotzat hartu. Gizabanakoek beraien Interneten-esperientzia propioak mamitzeko gaitasuna izan behar dute. Internetek baliabide publiko gisa duen eraginkortasunaren oinarriak elkarreragingarritasuna (protokoloak, datu-formatuak, edukia), berrikuntza eta mundu-mailako parte-hartze deszentralizatua dira. Iturburu irekiko software libreak Internet baliabide publiko gisa garatzen laguntzen du. Komunitatean oinarritutako prozesu gardenek parte-hartzea, erantzukizuna eta konfiantza bultzatzen dute. Partaidetza komertzialak hainbat onura dakartza Interneten garapenean; helburu komertzialen eta onura publikoaren arteko oreka funtsezkoa da. Interneten onura publikoaren alderdiak areagotzea helburu garrantzitsua da, eta merezi du denbora, arreta eta konpromisoa horretan inbertitzea. Mozilla Manifestua sustatzea Mozilla Manifestuaren printzipioak sustatzeko hainbat modu dago. Askotariko jarduerak baliatzen ditugu horretarako, eta proiektuaren beste eremuetan Mozillako parte-hartzaileek erakutsi duten irudimena ongi etorria izango da. Mozilla proiektuan zuzenean parte hartzen ez dutenentzat, bada Manifestuari atxikipena erakusteko modu sinple eta oso eraginkor bat: Mozilla Firefox eta, finean, Manifestua bere egiten duten produktuak erabiltzea. Mozilla Fundazioaren konpromisoa Mozilla Fundazioak zin egiten du Mozilla Manifestua eta bere jarduerak lagunduko dituela. Zehazki, ondorengoa egingo dugu: Manifestuaren printzipioetan laguntzen duten kode irekiko teknologiak eta komunitateak eraiki eta horiei bide eman; Manifestuaren printzipioetan laguntzen duten kontsumorako produktu bikainak garatu eta banatu; Mozillaren aktiboak (jabetza intelektuala, hala nola copyright-ak, marka erregistratuak, azpiegitura, funtsak eta ospea)erabili Internet plataforma ireki gisa mantentzeko Onura publikorako balio ekonomikoa sortzeko modeloak sustatu; eta Mozilla Manifestuko printzipioak diskurtso publikoan eta Interneteko industrian sustatu. Fundazioaren zenbait jarduera (kontsumitzaileentzako produktuen sorkuntza, banaketa eta promozioa, gaur-gaurkoz), Mozilla Fundazioaren jabetzakoa eta menpekoa den Mozilla Korporazioak bideratzen ditu batez ere. Gonbidapena Mozilla Fundazioak harekin bat egin eta Interneten ikuspegi hau gauzatzeko bide berriak bilatzeko gonbidapena luzatzen dio Manifestuko printzipioekin bat datorren orori.