Albisteak

Txat berria: Software Libre Zalantzak!

Software librea aldarrikatzen dugu, baita hartan ekarpenak egitea ere, baina… bere erabilerari buruzko zalantzak eta arazoak argitzeko tokirik eman al dugu? Bada, orain bai!

Software Libre Zalantzak txata martxan jarri dugu software librea erabiltzean sortutako zalantza eta arazoei irtenbide bat erabiltzaile euskaldunon artean emateko asmoz, elkar lagunduz. Baita eztabaidatzeko eta ondo pasatzeko ere!

Txatean Matrix eta Telegram komunikazio tresnak erabiliz parte hartu daiteke eta dagoeneko hainbat pertsona sartu dira bertan eta hasiak dira gauzak galdetzen, elkar laguntzen eta abar. Zu falta zara!

Txat hau erdarazko beste batean oinarrituta dago. Gurera ekarrita, ikusirik hutsunea bazegoela esparru horretan euskal komunitatean eta erabiltzaile askok laguntza falta sumatzen dutela software librea erabiltzen hastean, une aproposa iruditu zitzaigun txata sortzeko. Beraz, parte hartzera animatzen zaituztegu. Giro atsegina dago!

Txat berean bi plataforma desberdinetik parte har dezakezu, Matrix plataforma libreko #SoftwareLibreZalantzak:librezale.eus gelatik eta Telegram plataforma pribatuko @SoftwareLibreZalantzak taldetik. Sartu bietako edozeinetik eta hasi elkarrizketa berean parte hartzen!

LibreOffice 7.0 iritsi da

LibreOffice proiektuak bulegotikako suitearen bertsio nagusi berria argitaratu du. Gehienok jakingo duzuenez, ordenagailu askotan OpenOffice zaharra ordezkatzeko iritsi zen aplikazio sorta da LibreOffice, eta testuak idazteko, aurkezpenak prestatzeko, kalkulu-orriekin lan egiteko, marrazkiak egiteko eta datu-baseak kudeatzeko tresnak ditu.

Microsoften Office aplikazioak norberaren ordenagailuan egoteari utziko dion sasoi hauetan, jakin ezazue LibreOfficek gure premia guztiak bete ditzakeela inolako arazorik gabe.

LibreOffice sistema eragile nagusietan erabili daiteke (Windows, macOS, Linux eta ChromeOS), bai lokalean instalatuta bai hodeian, eta % 100ean euskaraz dago Librezaleri esker.

Irakurri osoa »

Euskarazko erantzun sinpleak ulertzea

Common Voice proiektua aurrera doa eta euskarak, beste 120 hizkuntzekin batera, hizketaren ezagutza librea bultzatzeko baliabide eta tresnak lortzeko ekimen honetan parte hartzen du. Gure hizkuntza txikia eta zaharra omen da, baina Librezaleko kideok euskarak baduela zer esana eta teknologia berrien alorrean munduko hizkuntza handi eta indartsuenen parean egoteko gaitasuna ere baduela uste dugu. Horren froga da Common Voice proiektuan esparru zehatzerako lehen atala sortu dela eta euskarak horretan ere parte hartzen duela. Irakurri osoa »